Jair Bolsonaro Brasilgo presidenteak atzo jakinarazi zuen positibo eman duela COVID-19aren proban. Prentsaurreko baten bitartez eman zuen horren berri, eta, orain, bertan izandako kazetarien bizitza “arriskuan jartzeagatik”, salaketa jarri du Brasilgo Kazetarien Elkarteak Auzitegi Gorenean.
Elkarteak salatu du Bolsonarok berrogeialdia “hautsi” duela, eta beste pertsonen bizitzak arriskuan jartzen jarraitzen duela, “COVID-19a duela jakin arren”. Presidenteak agerraldia egin zuen atzo kazetari batzuen aurrean, maskara jarrita, baina segurtasun neurriak errespetatu gabe eta mikrofonoetatik oso hurbil.
Kazetarien Elkartearena, ordea, ez da Bolsonaroren aurka jarri duten lehen salaketa. ABJD Demokraziarako Brasilgo Juristen Elkarteak salaketa jarri zion Brasilgo presidenteari Nazioarteko Zigor Auzitegian, pandemiaren kudeaketa “arduragabeagatik”. Haren jokabideak brasildarrak “arriskuan” jarri dituela argudiatu du elkarteak, eta “gizadiaren aurkako krimenak” egin izana leporatzen diote.
Izan ere, Brasilgo presidentea jomugan egon da koronabirusaren krisia kudeatzeko orduan hartu dituen erabakiengatik. Pandemiari larritasuna kentzeko ahaleginak egin ditu hasieratik, eta birusa “gripe soil bat” besterik ez dela esan du maiz. Osasun gomendioei ere entzungor egin die, eta inolako babes neurririk gabe agertu da jendaurrean.