Anders Behring Breivik, ustez Norvegian uztailean 77 lagun hil zituen gizona deklaratzen hasi da gaur Oslon, haren aurkako epaiketaren bigarren saioan. "Ez ziren errugabeak, ez ziren haur zibilak, kultur aniztasunaren alde lanean ari ziren ekintzaile politikoak baizik", esan du Utoyako kanpalekuan hildakoen inguruan. Esan du kanpaleku horretan hezi egiten zituztela "Norvegiako komunistarik muturrekoenak".
Breivikek Hitlerren aldeko gazteriako kideekin alderatu ditu Alderdi Laboristako gazteriaren kanpalekuan hildakoak, eta ahal izango balu atentatuak errepikatuko lituzkeela esan du.
"Mende honetan ekintzaile nazionalista batek egindako operazio ikusgarriena" da, Breiviken arabera, eta hark berretsi du ez zuela "gaiztotasunetik" jokatu. "Norbait gaiztoa izatekotan, horiek multikulturalistak dira. Norvegia eta Europa harritu beharko lirateke horrelako ekintza bat lehenago gertatu ez delako", gaineratu du. "Ekintza aberkoi" gisa izendatu ditu erasoak.
Errespetua eskatu dio epaileak
Breiviken deklarazioak esperotakoaren bikoitza iraun du, eta Wenche Elizabeth Arntzen epaileak hainbatetan errespetua izateko eskatu dio haren diskurtsoan. Breivikek "oinarrizko datuak" azaltzeko eskubidea defendatu du; hala ere, erasoetan hildakoen senideei eta erasoetatik bizirik atera zirenei "begirunea" agertuko ziela ziurtatu du.
Goizean eten egin dute saioa, epaileetako batek Facebook sare sozialean Breivikentzat "heriotza zigorra" eskatu zuela eta, haren jokaera egokia ote zen ikertzeko. Auzitegiak epaile hori kasutik kentzea eta ordezkatzea erabaki du. Atzo ez bezala, gaurko saioa ez dute telebista bidez eman.
Bere buruaren defentsan jokatu zuela dio
Atzo, epaiketaren lehen saioan, Breivikek adierazi zuen bere buruaren defentsan jokatu zuela, eta lagun horiek hil izana aitortu bazuen ere, bere burua ez zuen "erruduntzat" jo.
Epaiketak hamar aste iraungo duela aurreikusi dute. "Ez dut onartzen Norvegiako auzitegien agintaritza; multikulturaltasuna babesten duten alderdietatik jaso dute agindua", esan zuen Breivikek atzo auzitegira sartu aurretik.
Norvegiako Fiskaltzak baieztatu du Breiviken ama ere deklaratzera deituko duela; guztira, 150 lekukok parte hartuko dute. Fiskaltzak "terrorismoa" egozten dio Breiviki. Hark aitortu izan du berak hil zituela haiek denak, eta Fiskaltzak "homizidio boluntarioa" ere leporatzen dio.