Breiviki 21 urteko espetxe zigorra jarri diote, bere ekintzen erantzule jota

Norvegiako auzitegi bateko epaileek aho batez ebatzi dute burutik sano zegoela 77 lagun hil zituenean

2012ko abuztuaren 25a
00:00
Entzun
Norvegiako auzitegi batek herrialdeko legediak onartzen duen zigor handiena ezarri dio Anders Behring Breivik ultraeskuindarrari, iazko uztailean bi atentatutan 77 lagun hil eta 240tik gora zauritzeagatik. Erasoak egin zituen unean burutik sano zegoela ebatzi dute auzitegiko bost epaileek aho batez, eta, beraz, bere ekintzen erantzule dela. «Muturreko fanatikoa da, eta ez gaixo bat», ondorioztatu dute epaileek. Erasoak egin dituela aitortu du Breivikek, eta irribarre egin du sententzia entzun duenean, epaiketan azaldu bezala zorotzat hartzearen «iraina» saihestu nahi baitzuen gauza guztien gainetik. Bere hilketen «erantzule kriminaltzat» jotzeko eskatu zuen. Dena den, ekintzaile ultraeskuindarrak adierazi du epaiketa ez dela legitimoa izan, eta barkamena eskatu die militante nazionalistei, «erasoetan jende gehiago ez hiltzeagatik».

«Berdin zait espetxera edo psikiatriko batera joaten den, baina ez dadila atera», eskatu du haren biktima Tarjei Jensen Bechek. Hain justu, 21 urteko zigorra bete ondoren, atxiloaldi prebentiboa ezarri ahalko diote, eta bost urtez behin espetxealdia luzatu, «gizartearentzat arriskutsua» dela ebazten badute. Hori horrela, bizi guztiko espetxe zigorra bilaka daiteke erasotzaile ultraeskuindarraren kondena.

Biktimek pozik hartu dute Breiviken aurkako sententzia, ez baitzuten nahi politikoa kontsideratzen duten erasoa agerraldi psikotiko baten eraginez egin zuela ebaztea. Epaileek erabakia aho batez onartu izana ere txalotu dute: «Horixe espero eta nahi genuen, erabakia sendoagoa baita era horretan, eta helegitea aurkeztea zailtzen du», adierazi du Christin Bjelland-ek, Uztailaren 22ko Biktimen Aldeko Taldeko kideak. Breivik espetxetik inoiz ez ateratzea espero dutela ere gaineratu du. «Gure senideak hil eta traumatizatu zituen tipo hori kalean inoiz gehiago ez dugula topatuko bermatzea, horixe da garrantzitsuena».

Ez du helegiterik jarriko

Sententzia entzun aurretik, Breiviken abokatu Geir Lippestad-ek hitzeman zuen hilketen erantzuletzat jotzen bazuten ez zuela helegiterik aurkeztuko, eta, zigorra entzun ondoren, esandakoa berretsi du. Breivikek azaldu duenez, ez du zigorra ez onartzen eta ezta arbuiatzen ere. Bere hitzetan, ezin du helegiterik jarri, hala egiten badu auzitegiaren zilegitasuna onartuko duelako. Fiskaltzak, berriz, bi asteko epea dauka errekurtsoa aurkezteko. Izan ere, fiskaltzak ondorioztatu zuen Breivik ez zegoela burutik sano, eta hura psikiatriko batean sartzeko eskatu zuen. Dena den, zigorrarekin ados dagoela jakinarazi du.

Hainbat azterketa psikiatriko egin dizkiote Breiviki espetxean, eta epaiketa hasi aurretik eskizofrenia paranoidea zuela ondorioztatu zuen auzitegiko psikiatra taldeak. Beste aditu talde batek, ordea, eskuin muturreko kideak buruko gaitzik ez duela jakinarazi zuen gerora. Epaileek ere, auzitegiko psikiatra taldearen txostenaren kontra eginda, bere ekintzen jabe zela nabarmendu dute.

Wanche Elizabeth Arntzen epaileak Breivikek bere burua «ultranazionalistatzat» daukala zehaztu du, eta «Norvegiako indigenak desagertzeko arriskuan» daudela uste duela. Hain justu, Breivikek erasoak «beharrezkoak» zirela azaldu du bere aurkako epaian, eta musulmanek Norvegia kontrola ez dezaten egin zituela. Iazko uztailean herrialdea geldiarazitako erasoen kontaketa zehatza egin du ondoren Arntzenek.

Lehenik, Osloko leherketan hil ziren zortzi lagunen eta zauritu larrienen biografia txiki bat irakurri du epaileak. Bakoitzaren izen-abizenak eta adina irakurri ditu, eta leherketa jazo zen unean bertan zer egiten zuten eta nola hil ziren azaldu du. 950 kilo lehergai erabili zituela ere zehaztu du epaileak. Ondoren, Utoya uhartean Alderdi Laboristako gazteen kanpaldian 69 lagun tiroz nola hil zituen kontatu du, biktimak ez ahazteko ahaleginean.

Erasotik bizirik atera zirenek eta hildakoen senideek, hain zuzen ere, epaiketa biktimentzat duina izan dela adierazi dute, eta gertatutakoa argi geratu izana eskertu diote auzitegiari. Izan ere, epaileen erabakiari esker, biktimek eskatu bezala, agerian geratu da Breivikek arrazoi politikoek mugiarazita egin zituela iazko uztailean Europa osoa hunkitu zuten erasoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.