'Brexit'-aren trantsizioa 2020an bukatzea proposatu du Bruselak

Martxoan negoziatuko dute epea: Europako Batzordeak 21 hilabetekoa izatea nahi du, eta Erresuma Batuak, 24koa. Batasunetik ateratzeko data atzeratzeko aukera onartu du Mayk, presio artean

Michel Barnier Europako Batasunaren negoziatzaile burua atzo, Bruselan, azalpenak ematen. STEPHANIE LECOCQ / EFE.
ander perez zala
2017ko abenduaren 21a
00:00
Entzun
Brexit-aren negoziazioen bigarren faseari begira jarri dira jada bi aldeak, EB Europako Batasuna eta Erresuma Batua. Elkarrizketen hurrengo txanda martxoan izango da, etorkizunean biek izango duten harremana zehazteko, baina, horren aurretik, trantsizioaren epea adostu beharko dute —Erresuma Batua 2019ko martxoaren 29an aterako da EBtik—. Theresa May Erresuma Batuko lehen ministroak bi urtekoa izatea proposatu zuen —2021eko martxoaren 29 arte—, eta Europako Batzordeak atzo jakinarazi zuen bere jarrera: urtebete eta bederatzi hilabeteko tartea proposatu du, 2020ko abenduaren 31ra arte beranduenez, hain justu, egun horretan amaitzen baitira batasunaren zazpi urteko aurrekontuak. Bi aldeen proposamenen artean hiru hilabeteko tartea dago, eta hori izango da bigarren fasearen hasieran adostu beharko duten auzietako bat, 2018ko urrirako harremana zehaztua izateko. Horrek ahalbidetuko luke, Bruselaren ustez, egutegia betetzea, eta Europako Parlamentuak eta Komunen Ganberak nahikoa tarte izatea akordioa bozkatzeko.

Michel Barnier EBren negoziazio buruak jakinarazi zituen batzordearen proposamenak. «Trantsizioa laburra eta zehatza izan behar da», ohartarazi zion Londresi. Lerro nagusiak datorren hilabetearen amaieran bozkatuko dituzte 27 estatu kideek, ziurrenik urtarrilaren 29ko bileran, eta horrek ahalbidetuko du bigarren fasea abiatzea.

Trantsizio epeaz gain, EBren negoziazio buruak jakinarazi zuen Londresek toki bat izango duela Erresuma Batuan eragina izan dezaketen neurriei buruzko datozen bileretan, baina gogorarazi zuen ez duela bozkatzeko eskubiderik izango.

Dibortzioaren ondorengo harremana da negoziazioetako puntu garrantzitsuena, eta, gaur-gaurkoz, Bruselak ez daki zer nahi duen Londresek. Ikuspegi ekonomikotik, etorkizuneko merkataritza itunak, finantza zerbitzuak eta eskulanaren mugikortasuna adostu beharko dituzte. Ez dirudi bidea erraza izango denik; izan ere, Donald Tusk Europako Kontseiluko presidenteak aurreko astean ohartarazi zuen lehen fasea baino «gogorragoa» izango dela bigarrena, eta Barnier bide horretatik mintzatu zen ere. «Konplexua izango da. Trantsizioa ez da nahierara izango», azaldu zuen; alegia, Erresuma Batuak EBtik ateratzeko erabakia hartu duela eta Mayri gogorarazi zion horrek dakartzan ondorioak onartu beharko dituztela.

Trantsizioaren garrantzia azpimarratu zuen Barnierrek, bi arrazoirengatik. Batetik, bere burua eta herrialdea «prestatzeko eta antolatzeko» balioko diolako Mayri. Bestetik, EBko eta Erresuma Batuko enpresek ere horretarako tartea izango dutelako. Ordea, gogorarazi zuen trantsizio epea EBtik ateratzeko akordioari lotuta dagoela, biak paraleloki negoziatuko dituztela: Erresuma Batuak ez badu EB modu ordenatuan uzten, ez da trantsiziorako eperik izango. Bruselak argi du Londresen lerro gorriak aplikatuko dituela: ez dituztela merkatu bakarreko lau askatasunak onartuko — ondasunak, kapitalak, zerbitzuak eta pertsonak nahierara mugitzeko aukera—, besteak beste.

Mayren barne arazoak

Arazo eta oposizio handia izaten ari da May etxean gai horren inguruan, bai bere alderdiko zenbait diputaturen partetik, bai oposizioaren partetik. Brexit-a gauzatzeko data finkatu duen arren, legean zuzenketa bat onartu behar izan zuen atzo, data hori atzeratzea ahalbidetuko diona. Ez da hark buruan zuena, baina amore eman behar izan du; oposizioaren ustetan, data finkatzeak «eskuak lotu» dizkio Bruselaren aurrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.