Erresuma Batuak lehen ministro berria du: Gordon Brown. Herenegun izendatu zuten, eta bihar hartuko du ofizialki kargua, Tony Blairren ordez. Bere gobernuak «aldaketarako politika» egingo duela esan du.
Blairrek hamar urte egin ditu agintean, eta Irakeko gerran sartzeak eragin dizkio burukomin handienak. Gordon Brownek oso gai labainkorra dela uste du, «Erresuma Batuko biztanleak eta alderdiko kideak ere banatu dituelako». Blairren «akatsetatik» ateratako ondorioak kontuan hartuko dituela esan du, baina Erresuma Batuak hartuak dituen nazioarteko konpromisoak beteko dituela, «Iraken ez ezik Afganistanen ere bai».
Etxe barruan, berriz, nazioartean egingo dituenak baino aldaketa gehiago aurreikusi ditu.Osasun zerbitzuan,etxebizitzan, hezkuntzan eta pobreziaren kontrako borrokan jarriko ditu indarrak Brownek.
Zeregin horretan ondokoa Harriet Harman izango du, Alderdi Laboristaren bigarrena bera izango baita, oso estu irabazitako botoei esker. Harman Blairren gobernuan egondakoa da. Harmanen eta bere ondoko Frank Fielden arteko desadostasunen ondorioz Blairrek gobernutik kentzea erabaki zuen 1998an, eta Harman bera oso kritiko izan da Blairrek egindako Irakerako politikarekin. «Damu handi bat dut», esana du Harmanek: «Irakeko gerrari baiezkoa ematea. Hala ere, orain han dauden soldaduak babestu behar ditugu».
1983tik diputatu, Harman 2001ean itzuli zen Gobernura, Estatuko abokatu kargua hartzera, eta 2005ean Justizia Estatuko idazkaritza hartu zuen. Feminista da.
BLAIR, EKIALDE HURBILERA. Blairrek, berriz, etorkizunean zer egingo duen argi dezake gaur bertan. Ekialde Hurbilerako laukoteak bilera du gaur, -Europako Batasunak, Errusiak, Nazio Batuen Erakundeak eta AEBek -.Finantial Times egunkariaren arabera, Ekialde Hurbilerako talde horren mandatari berezi izendatuko dute gaur. Duela egun batzuk George Bush AEBetako presidenteak esan zuen Blairren izendapena babestuko zuela.
Brownek bihar ordezkatuko du Blair karguan
Erresuma Batuko lehen ministro izendatu berriak aldaketarako politika egingo duela esan du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu