Migrazioa Mediterraneoan. Itsasoko tragedia

Brusela, erantzutera behartuta

Asteburuan Libiatik Lampedusara bidean ehunka migratzaile itsasoan desagertu ondoren, Europako Batasunak ezohiko bilera bat eginen du migrazioaren auziari irtenbide bat bilatzeko

Asteburuan Libiatik 130 kilometrora hondoratutako ontzitik bizirik erreskatatutako migratzaile batzuk Italiako kostazainen ontzi batean, atzo, Maltako Valleta hiriburuan. HAY WHARY / EFE.
mikel rodriguez
2015eko apirilaren 21a
00:00
Entzun
Immigrazio politikak berrikusteko presioa handitu zaio EB Europako Batasunari, asteburuan Mediterraneoan gertatutako azken tragedia handiaren ondoren. Ontzi bat Libiako kostatik 130 kilometrora hondoratuta desagertu ziren bidaiariak 700 eta 950 artean izan daitezke. Astebetean, milatik goiti lagun desagertu dira Mediterraneoa zeharkatu nahian. Espainiako gobernuz kanpoko erakunde baten arabera, aurten 1.600 etorkin inguru hil dira Europarako bidean, lau hilabete baino gutxiagoan: iazko kopuruaren erdia ia. Europako Batzordeak ezohiko bilkura bat eginen du etzi auziaren inguruan. «Mediterraneoko egoera dramatikoa da. Ezin du horrela jarraitu. Ezin dugu onartu ehunka pertsona hiltzea Europara ailegatu nahian», adierazi du Donald Tusk Europako Batzordeko presidenteak. EBko Barne eta Atzerri ministroek atzo proposatutako hamar puntuko plan bat aztertuko du batzordeak.

EBk orain arte aplikatutako politiken egokitasuna, ordea, zalantzan paratu dute erakunde batek baino gehiagok, hildakoen kopurua etengabe handitu dela ikusita. Kritikak askotarikoak dira. Alde batetik, azaroan hasitako Triton operazioarekin mugak ixtea hobetsi du EBk, eta erreskatetarako baliabide gutxiago paratu ditu, pentsatuta migratzaile gehiago erakar ditzakeela jakiteak erreskatatuak izateko aukera handiagoa dutela. Bertzetik, EBko herrialdeek migratzaileen jatorrizko herrialdeekin izandako jarreraren eta migrazio prozesuen lotura zuzena dago. Kasu nabarmenenak azken urteotan gerrak hartutako herrialdeenak dira, hortik nabaritu baita migratzaileen hazkunderik handiena, Siriatik gehienbat. Baina Libia bihurtu da arazoaren muinetako bat. Muammar Gaddafi boteretik kendu ondoren, estatua desagertu egin da praktikan, eta Europara itsasotik sartu nahi duten migratzaile gehienentzat irteerako portu nagusia bihurtu da. Kontrol gabezia baliatuta, giza trafikorako mafia sare zabal bat hedatu da herrialde horretan. Gehienbat Frantziak eta Erresuma Batuak sustatu zuten Gaddafi boteretik kentzeko kanpoko esku hartzea, eta, gero, NATOk zuzendu zuen. Haiek babestutako gobernu alternatiboak, ordea, ez du gaitasunik izan Libia kontrolatzeko.

Ban Ki-moon NBE Nazio Batuen Erakundeko idazkari nagusiak, NBEren giza laguntzarako zenbait agentziak eta munduan eragin handienetakoa duten gobernuz kanpoko erakundeek—Amnesty Internationalek, Human Rights Watchek, Save the Childrenek...— EBri eskatu diote plan bat eratu dezala lehenbailehen auziari irtenbidea bilatzeko. EBko agintari gehienek aitortu dute arazoa hagitz larria dela eta berehalako egitasmoren bat behar duela, baina autokritika gutxi aditu da haien ahotan. Dimitris Avramopulos EBko Migrazio mandatariak adierazi du «errudunak bilatzearen jokoak» bukatu egin behar duela, «politikari populistei» mesede egiten diolakoan. Tusk Europako Batzordeko presidenteak eta Sigmar Gabriel Alemaniako Atzerri ministroak, adibidez, giza trafikatzaileen mafietan ardaztu nahi izan dute dramaren erantzukizun nagusia.

Europako Batzordeak etziko bileran paratu du arazoari emanen dion erantzunaren abiapuntua. Horren oinarria izanen dira Barne eta Atzerri ministroek atzo Luxenburgon proposatutako hamar puntuak, Federica Mogherini EBko diplomazia arduradunak jakinarazi duenez. Horien artean lehenbizikoa da Triton —Mediterraneo mendebaldean— eta Poseidon —Mediterraneo ekialdean— operazioak indartu eta handitzea, bai diru aldetik, bai hedadura geografikoarenetik.

Izan ere, Triton operazioak aitzinetik indarrean zegoen Mare Nostrum-ek baino baliabide xumeagoak dauzka, eta emaitzak ere halakoxeak izan dira. Mare Nostrum Italiak egindako operazio bat izan zen, 2013ko urritik iazko urrira artekoa. Lampedusan gertatutako tragedia handiaren ondoren erabaki zuen Italiak Mare Nostrum martxan paratzea —500 migratzaile inguru hil ziren itota—. 9,3 milioi euroko aurrekontua osatu zuen; aireko zaintzan ardaztu zuen ahalegina, eta Libiako kostatik gertu hedatu zen. Kalkuluen arabera, Italiak 100.000 lagun inguru erreskatatu zituen urtebetean. Baina ahalegina EB osoari egiteko exijitu zion, bertzeak bertze, migratzaile gehienen helburua ez baita Italian edo Mediterraneoko kostako herrialdeetan gelditzea. Orduan, EBk Triton abiarazi zuen, baina baliabide gutxiagorekin —2,9 milioi euroko aurrekontua—, aireko zaintza eskasagoarekin eta hedadura txikiagoarekin —Italiako kostatik 48 kilometro hegoaldera hedatzen da gehienez—.

Proposatuko dituzten puntuen artean ere Mogherinik nabarmendu du «proiektu aitzindari bat», migratzaile kopuru jakin batzuk EBko herrialdeetan kokatzeko. Libia inguruko herrialdeekin ere elkartu nahi dute politika koordinatu bat ezartzeko, eta Italiara eta Greziara talde bereziak bidali nahi dituzte babes politikoko eskaerak aztertzeko. Baina neurri errepresiboak indartzeko asmoa ere agertu dute 28 estatuek. Adibidez, trafikatzaileen ontziak atxiki edo suntsitzeko operazio bat hastea proposatu dute, Somaliako kostan piraten aurka indarrean dagoena eredutzat hartuta, eta legez kanpoko migratzaileak jatorrizko herrialdeetara itzularazteko protokoloa ere azkartu nahi dute.

Ezbehar gehiago atzo

Asteburuan gertatutako tragediaren tamainak bultzatu ditu EBko agintariak erantzun bat ematera. Libiatik Italiako Lampedusa uhartera zihoan ontzi bat hondoratuta 700 pertsona desagertuta zeudela erran zuten hasieran, baina bizirik ateratako 28 lagunetako batek adierazi zuen bidaiariak 950 liratekeela. 24ren gorpuak berreskuratu dituzte. Mediterraneoan gisako zeharkaldietan inoiz izandako tragedia handiena izan da. Baina azken egunotan etengabe gertatu dira halakoak, udaberrian eguraldia hobetzearen ondorioz ontzi gehiago atera direlako itsasora. Atzo bertan, MME Migrazioen Munduko Erakundeak jakinarazi zuen bi ontzi —denera 450 bidaiarirekin— nora ezean zeudela Mediterraneoan, eta horietako batean gutxienez hogei lagun hil zirela. Italiak eta Maltak erreskaterako operazioak hasi zituzten. Grezian, berriz, Rodas uhartean hondoratu zen ontzi bat, eta hiru bidaiari hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.