"Gure asmoa ez da Greziari austeritatea ezartzea, baina beharrezkoa da hartutako konpromisoak betetzea. Aurreko lehen ministroak zenbait promesa egin zituen, ez bere izenean, Greziaren izenean baizik. Hala, Greziak aurkeztuko dituen erreformek handinahia izan behar dute, baina baita errealistak ere", nabarmendu du Europako Ekonomia gaietarako komisario Pierre Moscovicik.
Bide batez, Bruselak ohartarazi du programa "norabide egokian" joango bada aurkeztuko diren erreformen zerrendan agertu beharko dutela zerga iruzurra saihesteko neurriek, zuzenbide estatua indartzekoek eta aberatsenei zergak igotzekoek.
Bruselak ontzat ematen baditu Atenasek gaur aurkeztuko dituen proposamenak, diruaren truke bete beharreko baldintzei buruzko negoziazio sakonagoak hasiko dituzte. Ondo bidean, apirilaren amaierarako amaituta beharko lukete elkarrizketek, eta orduan jaso ahalko luke Greziak bigarren erreskatetik jasotzeko geratzen zaion kopurua —7.200 milioi euro— eta EBZren irabazietatik dagokiona —1.900 milioi—.
Kritikak etxean
Joan den astean lortutako akordioak, baina, ez du erabateko adostasunik lortu Atenasko gobernukideen artean. Syrizako hainbat kidek gogor kritikatu dute Eurotaldearen aurrean "amore" eman izana. Besteak beste, Panayotis Lafazanisek, Ingurumen eta Energia ministroak: "Ezin dugu onartu herri borndatea eta hauteskunde programa zigortzea; troika eta erreskateak iragana dira, eta ez ditugu berreskuratu behar".
Are gogorrago hitz egin du Manolis Glezos eurodiputatuak: "Ez du ezer aldatzen troika deitu beharrean instituzio deitzeak, mailegatzaile esan beharrean bazkide esateak eta memorandum ez baizik akordio hitza erabiltzeak".