Martxoaren 22ko atentatuen ostean, gaur ireki dute berriro Bruselako aireportua. Segurtasun neurri zorrotzak jarri dituzte, eta haiek pasatu behar izan dituzte Farora (Portugal) atera den aurreneko hegaldia hartu duten bidaiariek.
13:40an atera da aurreneko hegaldi hori, eta gaur arratsaldean beste bi dira ateratzekoak: Atenasera bat, eta Turinera bestea. Brussels Airlines konpainiako hegaldiak izan dira hirurak. Bihar beste 19 hegaldi aterako dira.
Agintariek poliziaren sindikatuekin adostu zituzten segurtasun neurri berriak, eta orain taxiz edo autoz bakarrik joan ahalko da aireportura. Txartelik ez duena ezingo da bertaraino joan; laguntzaileek P2 aparkalekuan gelditu beharko dute.
Gaur bertan atetantuak salatzeko ekimen berezia ere egin dute Bruselan. Kultur munduko mila lagun inguru elkartu dira burtsaren plazan, eta kantuan aritu dira.