Bruselako ituna berriz negoziatuko du Hollandek presidente hautatzen badute

Sarkozyk dio EBko akordioa demokratikoa eta solidarioa dela, baina ez ditu sozialistak konbentzitu

2011ko abenduaren 13a
00:00
Entzun
Datorren urteko bozetan presidente aukeratzen badute EB Europako Batasuneko herrialdeek —Erresuma Batuak izan ezik— iragan astean onartu zuten ituna berriz negoziatuko duela adierazi du François Hollande sozialisten hautagaiak. Izan ere, egoerari aurre egiteko neurri nahikoa hartu ez dituztelakoan dago Hollande, eta adierazi du ez dela EBren etorkizuna bermatzeko erantzun on bat. Salbamendurako funtsa eratzea beharrezkotzat jo du inkesta guztien arabera Frantziako datorren presidentea izango denak.

Nicolas Sarkozy Frantziako presidenteak, berriz, iragan astean sinatutako akordioa babestu du herrialdean. «Europa berri bat» sortzen ari dela adierazi du Le Monde egunkariari eskainitako elkarrizketan, eta negoziatu duten irtenbidea «demokratikoa eta solidarioa» dela gaineratu du. Horrez gain, argi utzi nahi izan du akordioaren ondorioz Frantziak ez duela eskumenik galduko. «Europako kideekin batera lan eginez, gure subiranotasuna eta independentzia indartuko ditugu», adierazi du.

Sarkozyk, baina, ez ditu sozialistak konbentzitu promes horiekin, Hollandek akordioaren alde bozkatzeko asmorik ez duela adierazi baitu. Dena den, PS Alderdi Sozialistaren botoak behar ditu presidenteak itunak eskatzen duen bezala Konstituzioa berresteko.

Hautagai independentea

Dominique de Villepin lehen ministro ohiak, bestalde, datorren urteko presidentetzarako bozetan aurkeztuko dela jakinarazi du. Izan ere, herrialdearen egoerarekin «arduratuta» dagoela dio, eta egungo egoera onartzen ez duelako erabaki du 2012ko bozetan hautagaitza aurkeztea. «Alderdien gainetik» dagoen proposamen bat aurkeztuko duela azaldu du.

Bestalde, Sarkozyrekiko «ezinikusirik» ez duela azaldu du, baina sei urtez politikatik baztertu nahi izana leporatu dio egungo presidenteari. Villepinek gaur egun herritarren artean inolako babesik ez duela diote inkestek, eta bozak orain egingo balira botoen %1 inguru soilik lortuko lituzkeela. Azken hilabeteetan Hollande sozialistak aurrea hartu dio Sarkozyri.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.