Europa

Bruselan, kontserbadoreak nagusi

Europako Alderdi Popularrak denera 211 diputatu pilatu ditu, lehenbiziko proiekzioen arabera. Sozialdemokratek 193 lortu dituzte.

Samara Velte.
2014ko maiatzaren 26a
07:18
Entzun

Europako Parlamentua eskuindarra izango da aurrerantzean ere. Talde parlamentario nagusien artean, Europako Alderdi Popularra osatzen duten alderdi kontserbadoreek pilatu dituzte ordezkari gehien, proiekzioen arabera: 211, sozialdemokratek baino hemezortzi gehiago. Jean-Claude Juncker Luxenburgoko lehen ministro ohia da taldeak Europako Batzordeko presidente izateko proposatutako hautagaia.

Duela bost urte baino dezente gutxiago dira, dena den: azkenengo hauteskundeetan 274 ordezkari lortu zituen koalizio kristaudemokratak. Oraingoan, aldaketa alderdi ultraeskuindar eta euroeszeptikoen mesederako izan da: Frantzian, Erresuma Batuan, Austrian eta Danimarkan botoen %20etik gora lortu dituzte; eta Hungarian, Finlandian eta Grezian, %10etik gora. Denera, 129 eurodiputatu pilatuko dituzte —horietatik 74, Frantziako Fronte Nazionalekoak—. Dena den, osatzen duten talde parlamentarioaren arabera aldatuko da haien eragina.

Alderdi nagusien aurkako protesta botoa nabarmen hazi da, eta zentro-ezkerrak ere atera du probetxu hortik. Grezian, Syriza koalizioa izan da bozkatuena, eta Italian lehia estua egon da Matteo Renziren PD Alderdi Demokratikoaren eta Beppe Grilloren M5S Bost Izar Mugimenduaren artean. Flandrian eta Eskozian, alderdi independentistak izan dira bozkatuenak, eta Irlandan, Sinn Feinek orain arte baino hiru bider ordezkari gehiago lortu ditu udal bozetan. Alemanian, oro har, botere oreka tradizionalari eutsi diote, baina sozialdemokratek gora egin dute.

Parte hartzea, lehenbiziko aldiz, igo egin da: %43,1ekoa izan da, 2009an baino hamarren bat gehiago.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.