ruselak itzal eta eragin handia du, ez soilik Flandesen eta Belgikan; baita, gero eta gehiago, Europan ere. Hiru bider da hiriburua eta entitate politikoak adina edo gehiago instituzio ditu. Eragina, ordea, handitik txikira doa, hots, Europako Batasuneko egoitza nagusia Estrasburgorekin batera izateak Belgika eta honen menpeko Flandes gehiago baldintzatzen ditu alderantziz baino. Hala, flandestarrek estatu independentea lortzeko egiten dituzten eginahalei ere eragiten die; abertzaleen esanetan, kalterako.
EBren gertutasun fisikoa beste inon baino gehiago sumatzen da Bruselan. Beharbada gertutasun horrek eta Flandesko alderdi nagusiak zentrokoak eta eskuinekoak izateak Europako Konstituzioarekiko iritzi baikorra oso zabaldua egotea eragin dute. Flandesek Waloniarekin batera osatzen du Belgika, 1830etik. Alabaina, flandestarrek historikoki lotura handiagoa izan duteegungo Herbehereekin, kultura, ekonomia, politikan eta arlo sozialean. Hizkuntza ere, nederlandera flandesera haren dialektoa da bat dute. Waloniarrek, aldiz, Frantziarekin partekatu dute jatorria eta hizkuntza.Historian gehiago sakondu gabe, goazen Europako Konstituzioaz Flandesen dauden jarrera eta iritzi nagusiak aletzera. Belgikan eta, hortaz Flandesen ere, ez dute azkenean Europako Konstituzioaz erreferenduma egingo. Izan ere, Spirit alderdiak azken unean atzera egin du galdeketa zuzena antolatzeko beharrezkoa zen lege proiektuari sostengua emateko erabakian. Horrenbestez, Legebiltzarrak (Belgikakoak) erabakiko du ituna berresten duen edo ez. Data oraindik finkatu gabe dago.Flandesko Gobernuan CD&V eta N-VA alderdiek, batetik eta SP.A eta Spirit alderdiek, bestetik, osatutako koalizio zabalak agintzen du. CD&V kristau demokratek 29 diputatu dituzte, N-VA nazionalista moderatuek sei, SP.A sozialdemokratek 20 eta Spirit sozial-liberalek bost. Bestalde, Vlaams Belang eskuin muturreko nazionalistak dira alderdi nagusia, 32 diputaturekin. Horrez gain, VLD-Vivant liberal demokratek 25 ordezkari dituzte, Groen! alderdi berdeak sei eta UF Flandesen bizi diren frantses hiztunen alderdiak bat.CD&V alderdiak baiezkoa emango dio Europako lege nagusiari, nahiz eta «hobeagoa» lor zitekeela aitortu. «Jean-Luc Dehaene ituna ontzen aritu zen Europako Konbentzioko presidenteorde zelarik gehiago espero genuen, baita geroago ere, batez ere Kontseiluko erabakiak hartzeko prozeduren izaera demokratikoari dagokionez. Baina, beste alde batetik, onartutako testua egungo egoera politikoan lor zitekeen onena dela uste dugu», azaldu du alderdiaren Atzerri Politikarako aholkulari Peter Gijselsek.Hala, «legebiltzarreko eztabaidetan itun berriaren alde ahobatez» hitz egingo dutela nabarmendu du.N-VA Nieuw Vlaamse Alliantie eskuineko alderdi abertzale moderatu da eta CD&V alderdiarekin dago koalizioan Flandesko Legebiltzarrean. Biak ala biak Europako Legebiltzarrean ordezkatuta daude eta Europako Alderdi Popularra-Europako Demokratak taldeko kideak dira. N-VAk baiezko baldintzatua emango dio lege nagusiari, baina legebiltzarreko bozketa baino lehen ohartzen badira Flandesen eta estaturik gabeko beste nazioen izaera eta burujabetzarako bidea errespetatuko ez dituztela, kontra bozkatuko dute. «Betiere biharko egunean Belgika bitan Txekia eta Eslovakia bezala zatitzea errespetatzen» badute, zehaztu du alderdikide batek. VLDk, aldiz, baiezkoa emango diola jakinarazi du, flandestarren interesentzat «aukerarik onena» dela iritzita.
Dudak eta ezetza
Groen! alderdi berdeak ez du oraindik Europako Konstituzioaren aurrean hartu beharreko jarrera finkatu, Anderlecht hiriko bulegotik Berriari adierazi diotenez: «Ez dugu oraindik erabakirik hartu; geure eurodiputatu Bart Staes alderdikideekin hitz egiten ari da egunotan, alderdiaren jarrera zein izango den zehazteko». Halere, eztabaida handia izaten ari dira alderdian.
Brusela hiriburuan bi iritzi nagusi daude, baietzaren eta ezetzaren inguruan. Kontra daudenen artean Bruselako Vlaams Huise (Flandestarren Etxea) zentro flandestarrean biltzen direnak aurkitzen dira; kultura eta politika alorrean lan egiten dute eta lehen Anai Artean izenpean aritzen ziren, Euskal Herriarekiko elkartasun batzorde gisa. Bernard gazteak eta bere lagun taldeak iritzi hori dute, hots, Europako ituna ez dute batere gustuko. «Politika neoliberala bultzatzen duelako, lehiakortasunari zenbat eta gehiago izan orduan eta hobeto irizten diolako, konstituzio honek politika neoliberala instituzionalizatuko eta politika soziala murriztuko dituelako. Ez du benetako demokrazia errespetatzen eta herriei subiranotasunerako aukera kendu egiten die», azaldu du Bernardek. Bruselako kaleetan aski zabaldua dagoen iritzia da herritarrek ez dutela Europako Konstituzioaren edukiaz eta ondorio praktikoez informazio nahikoa. Erreferendumerako aukera sortu zenean eztabaida handia piztu nahi zuten hainbat alderdik eta herritar taldek. Orain bertan behera utzi dute erreferenduma; nonbait, Gobernua beldur zen jendeak itunaren mamia ondo ezagutuz gero hari ezezkoa emango ziotela. Kontuan izan behar da Guy Verhofstadt europeista sutsua dagoela Belgikako lehen ministro eta gutxigatik ez zutela Europako Batzordeko presidente izendatu», nabarmendu du gazte bruselarrak. Vlaams Belang (Flandestarren Interesa) eskuin muturreko alderdi nazionalistak ere ezezkoa emango dio Europako lege nagusiari. VBren Ikerketa Politikorako Saileko zuzendari Steve Utsikexu ageri da Gobernuak erreferendumerako aukera kendu duelako: «Erreferenduma nahi dugu, jendeari iritzia zuzenki eska diezaioten. Guk itunari ezetza emango diogu gauza kaltegarri asko dituelako Europako herritarrentzat eta nazioentzat ere».Utsiren esanetan, VBn ez da eztabaida handirik izan hartu beharreko jarreraz: «Beti agertu garelako herrien Europaren alde eta orain dugun Europako estatuen federazioaren aurka. Beti errefusatu dugu europar federalismoa eta gaur egun Europako Konstituzioa errefusatzen dugu». Kanpainari dagokionez, hainbat hitzaldi, eztabaida eta erakusketa egin dituzte ezezkoaren inguruan. «Horri erantsi diogu Turkiak EBrekin bat egiteko aukeraren kontrako jarrera».Hain justu, VBk Turkiaren sarreraren aurkako jarrerarekin lotuta, SP.A alderdiak erreferenduma egin ahal izateko beharrezkoa zen bere sostengua erretiratu zuen berriki, eskuin muturrekoek galdeketarako kanpaina Turkiaren kontra ekiteko erabiliko zutela argudiatuta. Erabaki horretaz hauxe esan du Vlaams Belangeko diputatuak: «SP.Akoak lehen nazionalista moderatuak ziren, baina egun Flandesko zein Belgikako gobernuak sostengatzen ditu eta ez du inolako eztabaidarik egin Europako Konstituzioaz. Turkiak EBrekin bat egiteaz, esan nahi dut hori ez litzatekeela ona izango ez flandestarrontzat, ez europarrontzat ere. Turkiak defizit demokratikoa du, ez du ongizate alorrean EBren maila izateko aukerarik eta, gainera, EBn sartuta Batasuneko beste herrialdeetarako immigrazioa areagotzea eragingo luke». VBrentzat, Europako Konstituzioak Flandesek independentzia lortzeko aukerak «zapuztuko» lituzke.
Sozialdemokratak
SP.Ako diputatu Stijn Decordierrek bere alderdiak itunarekiko duen aldeko jarrera honela azaldu du: «Belgikan ez da erreferendumik izango, baina, halarik ere, SP.A. Konstituzioaren aldekoa da». 2002an Europako Konbentzioa abiatu zenetik «eztabaida ugari» egin dituzte sozialdemokrata flandestarrek.
«Gure alderdikide eta eurodiputatu Anne Van Lancker izan zen Konbentzioko eztabaidetan parte hartzailerik aktiboenetako bat. Alderdiaren ildoa sustatzen saiatu zen, hots, Konstituzioaren zirriborroan europar guztientzako eskubide sozial gehiago sartzea. Oso ondo aritu zen». SP.Aren iritziz, Europako lege nagusia «EB eta europarrentzako oso aurrerapauso handia da». Dena dela, «lehen urratsa» dela nabarmendu du.«SP.A oso pozik dago Konstituzioan eskubide sozialak aintzat hartu dituztelako. Guk arlo sozialean ditugun kezketako batzuk kontuan hartu dituzte, baina ez denak. Edozein modutan, Europako Batasuna areago sakontzeko eta hedatzeko beharrezko esparrua da Europako Konstituzioa», dio diputatu sozialdemokratak. Alderdia ez dabil «kanpainatzat har daitekeen ekimenetan», baina herritarrei» ituna zertan datzan azaltzeko asmoa du.Itunak Flandesentzat izan ditzakeen ondorioez galdetuta, hauxe erantzun du Decordierrek: «Europako Konstituzioak ondorio berdinak izango ditu kide guztientzat. Europako Batasuna jada ez da 1957an zena, sei estatu kideren komunitatea, alegia. Batasun moderno gisa etorkizunari arrakastaz aurre egiteko ia beharrezkoa da konstituzio bat edukitzea. Legeriaren harmonizazioan emandako ia 50 urte biltzen ditu itunak. Sakontze eta hedapen gehiagorako esparru eta abiapuntua da».Flandes eskualde gisa hartuta, aldiz, Europako itunak «erantzukizun gehiago» eragingo dizkiola uste du gobernu koalizioan dagoen alderdiko kideak. «Europan erabakiak hartzeko tenorean ahots ozenagoa ematen die Europako eskualdeei», gaineratu du.
Bihar:
Galizia. 'Udazkeneko bozetarako saioa'
Bruselaren itzal handia
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu