Gaur egun Zimbabweko batasun gobernuko lehen ministroa da Morgan Tsvangirai. Hauteskundeetan hirugarren aldiz jarriko dira aurrez aurre bi hautagaiak, eta Tsvangirai da Mugaberen ordezko bideragarri bakarra. Zimbabwetarren artean babes handia du, eta aurkari serioa da Mugabe agintetik kentzeko. 1952ko martxoaren 10ean jaio zen, Gutun, familia xume batean; bederatzi anai-arreben artean zaharrena da. 20 urterekin ehungintzan hasi zen lanean, eta bi urte geroago meatzari hasi zen.
Hamar urtez meatzari aritu ondoren, ZCTU Zimbabweko Sindikatuen Kongresuko idazkaritzan sartu zen, herrialdeko sindikatuen gune nagusian. 1997an, gobernuaren aurkako protestetan nahastu zen, eta 1999an, MDC Aldaketa Demokratikorako Mugimenduaren sortzea lagundu zuen. 2000an MDCko mitin batean esan zuen Mugabe "era baketsuan" joango ez balitz boterea "indarrez" utzaraziko ziotela. Horregatik, traizioa leporatu zioten, eta hiru aldiz inputatu zuten.
Zimbabweko segurtasun indarren aldetik jasandako atxiloketek eta jipoiek, batez ere 2008an lehen ministro kargua hartu baino lehen, herritarrek berarenganako fideltasuna eta babesa areagotzea eragin du. MDCren buru gisa, ekonomia krisiak bortizki jo duen herrialdean lana sortzea eta bertako industria berpiztea promestu du hauteskunde kanpainan. Haren ustetan, nazioarteko harremanak sustatzea herrialdearentzat ekonomikoki mesedegarria izango da, eta kanpoko inbertsioak bultza ditzakeela uste du; gaur egun, areriotasunean oinarrituta daude harremanak. Gizarte segurantzaren sistema nazionala eratuko duela ere esan du, osasuna gizartearen lehentasuna bihurtu den garaian.