AEBek eta haren aliatuek amaitutzat eman nahi dute Baxar al-Assad Siriako presidentearen agintaldia, eta gero eta maizago eta ozenago ari dira «trantsizioaren» inguruko mezuak zabaltzen. Barack Obama AEBetako presidenteak eta Recep Tayyip Erdogan Turkiako lehen ministroak erran dute «trantsizioa bizkortzeko» elkarlana bultzatuko dutela, horretarako zer eginen duten zehazki aipatu ez duten arren. Bi buruzagiak elkarrekin mintzatu eta ordu batzuetara, berriz, Haytham al-Maleh Siriako oposizioko kide historikoak jakinarazi du «talde politikoetako kide ez diren independenteen koalizio batek» trantsiziorako gobernu baten buru izateko eskaini diola. «Barneko eta kanpoko» oposizioarekin elkarrizketan hasiko dela erran du.
Obamak eta Erdoganek ordu erdi pasa iraun duen telefono bidezko elkarrizketa eduki dute, Turkiako lehen ministroaren bulegoak jakinarazi duenez. Al-Assadek boterea uztea beharrezkotzat jo dute, «Siriako herriaren bidezko eskakizunak bete daitezen». Asmo zehatzen inguruan xehetasunik eman ez duten arren, elkarrizketak berebiziko garrantzia du, AEBek eta Turkiak duten garrantziarengatik, bata Ekialde Hurbilean interes garrantzitsuak dituen potentzia delako, eta bertzea Damaskori gerra mehatxu zuzena egin dion herrialde bizilaguna delako.
Egiptoko adibidea
Argiago mintzatu zen Leon Panetta AEBetako Defentsa idazkaria herenegun Tunisiara egindako bisitan. Al-Assadi ohartarazpen zuzena egiteaz gain —«Zu eta zure familia babesteko gai izan nahi baduzu, joan zaitez behingoagatik»—, Iraken egindako «akats berak» ez errepikatzea garrantzitsua dela erran zuen Panettak. «Al-Assad joatean, uste dut garrantzitsua dela Sirian egonkortasuna mantentzea». Horretarako, «ahal den militar eta polizia» gehien mantentzearen alde agertu da, «gobernu demokratiko bateranzko trantsizioa eginen duten esperantzan».
Egipton Junta Militarrarekin ezarritako eredua ikusi dute hainbatek Panettaren adierazpenetan, hau da, militarrek hauteskunde bidez hautatutako gobernu zibil bateranzko trantsizioa gidatzea. Egipton, baina, aldaketa hori ez da gauzatu urtebete baino gehiagoren ondoren. Hain zuzen, Defentsa idazkariak atzo bidaiatu zuen Egiptora.
Eta Egiptotik egin du ere Maleh Siriako oposizioko kideak bere iragarpena, Arabiar Ligaren egoitzan emandako prentsaurrekoan. Trantsizioko gobernuko presidente izateko Idazkari Nagusi Iraultzaile Siriarren Kontseiluaren sostengua duela erran du Malehek. Oposizioko bi plataforma nagusiek, ordea, SNC Siriako Kontseilu Nazionalak eta NCC Koordinazio Nazionalerako Batzordeak horren inguruan deus ez dakitela erran dute.
Malehek 80 urte ditu, eta hamarkadak daramatza Baath alderdiaren aurkako mugimenduetan. Azkenekoz 2009an espetxeratu zuten. Iaz askatu zuten, Al-Assadek emandako amnistia bati esker. SNCko kide egin zen, baina handik gutxira utzi zuen erakunde hori.
Errusiak, baina, ez ditu ongi hartu Siriako oposizioa lehenbailehen boterera eramateko asmo horiek. Gennadi Gatilov Atzerri ministrordearen ustez, «hedabide interesatuek oposizioa egiteko gai ez dena egin nahi dute». Errusiako Gobernuak Siriaren egoerari ezarritako estatusa aldatu du,«gatazka armatu edo larrialdi egoeran» dagoen herrialdea bihurtuz «egoera soziopolitiko zaila» duen herrialdea.
Siriako Gobernuak, berriz, NBE Nazio Batuen Erakundearen Segurtasun Kontseiluari eta Ban Ki-moon idazkari nagusiari idatzi die, Saudi Arabia, Qatar eta Turkia «talde terroristei» ematen ari zaien laguntza salatuz.
Davutoglu Barzanirekin
Turkiako Atzerri ministro Ahmet Davutogluk bidaia garrantzitsua egitekoa du gaur Iraken menpeko Kurdistanera, bertako eskualde autonomoko presidente Massoud Barzanirekin elkartzeko. Al-Zaman egunkariaren arabera, Davutogluk presio egin nahi dio Barzaniri, Siriako kurduak laguntzeari utz diezaion. Andulbasset Sayda SNC Siriako Kontseilu Nazionaleko burua ere Barzanirekin elkartu berri da, kurduek SNCrekin bat egin dezaten lagun dezan eskatzeko.
Bukatu baino lehen hasten
Obamak eta Erdoganek Sirian «trantsizioa bizkortzeko» elkarlanean aritzea hitzartu dute, eta Al-Assadi alde egitea exijituMaleh oposizioko kideak erran du trantsizio gobernu baten buru izatea eskaini diotela
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu