Alemania. Armadaren profesionalizazioa

Bukatu da soldadutza

Aurten kenduko dute Alemanian derrigorrezko zerbitzu militarra. Europa mendebaldeko herrialdeen artean, luzeen eutsi diotenetariko bat izan da; han zeresan handia sortu du, zerbitzu zibila ere galduko dutelako.

Samara Velte.
2011ko otsailaren 8a
00:00
Entzun
Berlinek hartua du erabakia: uztailaren 1ean bertan behera geldituko da 18 urtetik gorako gizonezkoentzako derrigorrezko soldadutza, baita haren ordezko aukera moduan egin daitekeen zerbitzu zibila ere. Europa mendebaldeko estatuen artean, soldadutzari luzeen eutsi dioten herrialdeetako bat izan da.

Neurria hartzeko arrazoi nagusia, ordea, ez da izan gizartean gero eta hedatuago dagoen jarrera antimilitarista; krisi ekonomikoak bultzatu du Angela Merkelen gobernua armada txikitzera. Gudaroste profesional eta eraginkorragoa nahi dute, datozen urteotan 8.000 milioi euro aurrezteko asmoz. Alemaniak orain dituen 240.000 soldaduetatik 185.000 nahikoa izango direla esan du Karl-Theodor zu Guttenberg Defentsa ministroak: 170.000 soldadu profesional eta 15.000 soldadugai boluntario.

Borondatezko soldadutza horrek urtebete eta bi urte artean iraun dezake. Soldadugai bakoitzak hasieran sei hilabeteko proba epe bat izango du, eta tarte horretan nahi duenero utz dezake kargua.

Armada boluntario gaztez hornitzen jarraitzeko, bizitza militarra haientzat «erakargarriagoa» egitea ezinbesteko ikusten du Bernd Siebertek, Legebiltzarreko Defentsa Batzordeko kideak. Besteak beste, jarduera desberdinetan trebatzeko aukerak eskaini nahi dituzte; esaterako, medikuntzan eta ingeniaritzan. «Lanpostu erakargarriak behar ditugu; eta hori ez da soilik soldatak hobetuz lortzen, teknologia hobea behar dugu». Instalazio militarretan lan egiteak eta bizitzeak erosoagoa izan behar du: «Ez da posible izango orain arte bezala sei lagun gela berean bizitzen edukitzea. Azpiegiturak goitik behera aldatu behar ditugu, gizarteak eskatzen digun erakargarritasuna lortzeko».

Orain arte, adinez nagusi ziren gizonezko guztiak zeuden behartuta bederatzi hilabeteko soldadutza egitera; zenbait kasutan, 32 urte bete arte jaso zezaketen horretarako agindua. Armak hartzeko kontzientzia eragozpenak arrazoitzen zituenari gizarte lana ematen zioten. Emakumezkoen kasuan, borondatezkoa zen soldadutza egitea.

Soldadutzak garrantzi handia izan du askorentzat Alemaniako historian. Lehen Mundu Gerra galdu ondoren, Versaillesko Itunak debekatu egin zuen, Alemaniaren berrindartze militarra saihesteko. Ondorioa, ordea, kontrakoa izan zen: soldadu profesionalek gero eta armada itxi eta elitistagoa osatu zuten, eta askok estatu kolperako aukerak ikusi zituzten.

Azkenean, Hitler izan zen Versaillesko Ituna hautsi zuena; 1935ean indarrean jarri zuen derrigorrezko soldadutza, ahalik eta armada zabalena sortzeko asmoz. Esan gabe doa Bigarren Mundu Gerra ere galdutakoan berriz debekatu zutela.

Mendebaldeko Alemania NATOko kide bihurtzearekin batera jaio ziren berriz armada eta derrigorrezko soldadutza, 1950eko hamarkadan. Ekialdean borondatezkoa izaten jarraitu zuen 1962ra arte; Berlingo Harresia eraikitzean egin zuten nahitaezko.

CDU alderdi kristaudemokratako kidea da Siebert; Angela Merkel alderdikidearentzat bezala, «galera handia» izango da, haren ustez. Herritarrengandik gertu eta gehiegizko autonomiatik urrun egongo den armada baten beharra izan da azken urteotan soldadutzari eusteko arrazoi nagusia. Gainera, «nahitaezko soldadutzak garrantzi handia izan zuen Alemania berriz elkartzeko garaian, bi aldeetako jendearen arteko harremana indartzen lagundu zuen».

«Babes nazionaleko arrazoiengatik», ez dute Alemaniako Lege Nagusitik kenduko; tentsio edo defentsa beharra dagoen kasuetan automatikoki jarriko da indarrean, Alemania inguruan gerra gertatuz gero nahikoa erreserba izateko. Argudio horrek eutsi dio soldadutzari azken bi hamarkadetan; baina Sobietar Batasuna desegin zenetik, urruti gelditzen zaizkio Alemaniari etsai gehienak, eta soldadugaiak ez dituzte Afganistanera bidaltzen. Erdi gaizki trebatutako 60.000 gaztek ere ez diote segurtasun gehiegirik ematen estatuari.

Lan soziala ere jokoan

Orain arte, soldaduskaren ordez zerbitzu zibila egiteko aukera zeukaten gazteek, kontzientzia eragozpena alegatuz gero. Urteen poderioz, ordea, berez ordezkapena izan behar zuena aukera nagusi bilakatzen joan da; 2009an, esaterako, 90.555 lagunek egin zuten gizarte lanaren aldeko hautua, eta 68.304k baino ez soldadutzaren aldekoa.

Zahar etxeetan, ospitaleetako sukaldeetan eta garbiketa lanetan aritzen diren langile merke horiek pagotxa ederra dira Alemaniako gizarte zerbitzuentzat. Orain, soldadutza desagertzearekin batera, aukera hori ere herritarren borondatearen gain geldituko da. Siebertek adierazi duenez, zerbitzu horien «mende- kotasuna» du Alemaniak: «Gure herrialdeko garapen demografikoa kontuan hartu behar da: gero eta zahar gehiago ditugu, gero eta jende gehiagok behar du laguntza, eta Estatuak ezin du hori dena finantzatu. Gazteek horretaz jabetu behar dute».

Bernd Suennenwold abokatua da Berlinen, eta soldadutzari uko egin nahi ziotenen aholkulari gisa aritu izan da orain arte. Haren ustez, berri ona da derrigorrezko soldadutza kentzea. Zerbitzu zibila desagertzea ere ez zaio gaizki iruditzen: «Azken batean, hori ere derrigortutako lana da, eta kasu larrienetan, zerbitzu zibilekoei ere deitu diezaiekete gerrarako».

Garrantzitsuena, gizarte lana egitekotan, «norbere borondatez egindakoa» izatea da: «Hainbeste gizarte laguntza behar bada, antola dezatela beste era batera, ez gazteen kontura».

Armadan bezalaxe, boluntarioak nola erakarri asmatzea da koska. Alemaniako Gobernuaren proposamena da lan horiek egiteko baldintzak malgutzea. Hemendik aurrera, edozein adinetako emakume eta gizonek egin ahal izango dituzte, eta asko jota 23 hilabetera arte luza dezakete epea. Urtero, 35.000 boluntario espero dituzte.

Gazte gehienek, ordea, nahiago izaten dute batxilergoa amaitu eta zuzenean unibertsitatera edo lanera joan. Sieberten ustez, lan horiek hobeto ordaintzeaz gain, beharrezkoak izango dira bestelako pizgarriak ere: esaterako, urtebeteko zerbitzu zibilaren truke unibertsitateko itxaron zerrendetako puntuazioa hobetuz eta ikasketetako kreditu osagarriak eskainiz.

Suennenwolden ustez, norberak erabaki behar du zenbaterainoko garrantzia ematen dien horrelako zerbitzuei: «Beste galdera bat da gizarteak zenbat kasu egin nahi dion, eta zenbat saritu, esaterako, unibertsitatean postua ziurtatuz. Baina hori bigarren mailakoa da».

Beste aukera bat da gazteak gehixeago motibatzen dituen jarduerak bilatzea: dagoeneko badira borondatezko urte sozial edo ekologikoak egiten dituzten gazteak, eta zenbait estatu federaletan eskaintzen dituzte kulturarekin edo kirolarekin lotutako zerbitzu zibilak ere.

Borondatezko urte horiekin gertatzen dena da gehienetan familia aski dirudunetako seme-alabek hartzen dutela parte. Trukean jasotzen duten diru laguntza txikia denez, askotan etxetik finantzatu behar izaten da gainontzekoa, eta zaila izaten da familia behartsuagoetako gazteentzat. Sieberten esanetan, hori saihestu nahi dute, «alemaniar guztiek eta Alemanian bizi diren kanpotar guztiek borondatezko gizarte lana egiteko aukera» izan dezaten, «horrek ekar ditzakeen onurekin». Oraindik zehaztu gabe dago, ordea, zenbat diru laguntza emango dituzten horrelako kasuetarako.

Suennenwoldentzat, pizgarri horiek ere ez dira bidezkoak: «Alde batetik, gaizki ordaindutako lanpostuak baino ez dira izango; eta, bestetik, gizarte lana egiteko arrazoiek etikatik eta sen onetik abiatutakoak izan behar dute, ez kanpotik bideratuak».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.