Bukatu zaizkio txantxak

Obama Romneyri gailendu zaio AEBetako presidentegaien bigarren eztabaida saioan, baina ez du guztiz zokoratu errepublikanoaBotoa erabaki gabe duten herritarrek egindako galderei erantzun diete oraingoan

Samara Velte.
2012ko urriaren 18a
00:00
Entzun
Lasaiago egingo zuen lo Barack Obama AEBetako presidenteak bart. Espero bezala jardun zuen asteartean, AEBetako presidentegaien bigarren aurrez aurrekoan; bere argudioen oldarkortasunak eta Mitt Romney aurkari errepublikanoaren hanka sartzeek aise bihurtu dute oraingoan debateko garaile. Gai zerrenda ere bere alde izan du Obamak, herritarrek egindako galderen inguruan jardun baitute.

Presidenteak ez zuen askorik behar eztabaida irabazteko; nahikoa zuen aurreko saioan bezain gaizki ez aritzea. Urriaren 3an makal, hotz eta gogorik gabe agertu zen, bere buruaren bertsio alfer bat bidali izan balu bezala; «gau txar bati» egotzi zion eztabaidan erakutsitako utzikeria.

Orain, kontrako jarrera hartu du guztiz: sutsuki defendatu du igaro den agintaldia, eta indar berberaz oldartu zaio Romneyri, sarritan errepublikanoari hitza kenduz eta gezurretan aritzea leporatuz. Dena den, ez du erabat zokoratu Romney; azken inkesten arabera, Obamak errepublikanoari ateratzen dion tartea txikia da oso, eta baliteke beranduegi izatea funtsezko aldaketarik egiteko. Hiru aste falta dira hauteskunde egunerako, eta botoa erabaki gabe dutenen kopurua geroz eta txikiagoa da.

Hala ere, su festa izan da aste honetako eztabaida; elkarri arnasa hartzeko denborarik eman gabe aritu dira bi hautagaiak, aurreikusi baino bederatzi minutu gehiagoz. Botoa erabaki gabe duten 80 herritarrek egindako galderetatik, hamahiruren inguruan eztabaidatu dute. Formatu horri esker, beste eztabaidetan ukitu gabeko gaiak izan dituzte hizpide; besteak beste, immigrazioaz, armen jabetzaz eta emakumeen lan munduratzeaz aritu dira. Herritarrek ohiko kezkak ipini dituzte mahai gainean, eta Obamak ezagun ditu horiek; haiekiko gertutasuna erakutsiz heldu zen duela lau urte presidentetzara.

Ekonomia, kezka nagusi

Lehen galdera 20 urteko ikasle batek egin du: lanik izango ote duen unibertsitatetik ateratzean. Berehala etorri da Romneyren erantzuna, aitak semeari nola: «2014an, ikasketak amaitzen dituzunean —suposatzen dutorduan presidente izango naizela—, segurtatuko dizut lanpostu bat». Bere alde askoz gehiago ezin esan, eta Obamaren gobernuari egotzi dio 12 milioi langabe egotea AEBetan. Printzipioz, Obamak bere alde daukan datua da langabeziarena, agintera iritsi zenetik jaitsierarik handiena izan baitu irailean: %7,8 da orain.

Romneyk ere krisitik ateratzeko asmo zehatzik ez duela salatu du Obamak. Errepublikanoaren bost puntuko plana, AEBetako ekonomia suspertzeko pentsatua, «puntu bakarreko plana» dela esan du: «Goiko jendeari beste arau batzuekin jolasten uztea». Elite ekonomikoen aldeko politika egitea egozten diote demokratek Romneyri, besteak beste, aberatsei ez dizkielako zergak igo nahi. Aste honetako eztabaidan, bi hautagaiak mintzatu dira klase ertainari zergak jaistearen alde, baina aurrekoetan bezain zehaztugabe gelditu dira.

Romneyk orain AEBetako automobil industria salbatzeko erreskate bat proposatu izana ere «kontraesana» dela nabarmendu du Obamak, gogoratuz Romney prest agertu zela duela lau urte, krisiak autogintza harrapatu zuenean, Detroit estatua hondoa jotzen uzteko —industria horrek pisu handia du han—.

Zalaparta handiena sortu duen gaia lan munduko parekidetasunarena izan da. Hanka sartze nabarmena egin du Romneyk, Massachusettseko gobernari zela emakumeak kontratatzeko egindako saioak azaltzen ari zela: «Joan nintzen hainbat emakume talderengana, eta galdetu nien: 'Lagunduko diguzue jendea bilatzen?'. Eta karpetakadaka emakume ekarri zizkiguten». Irudi hori berehala zabaldu zen Interneteko sare sozialetan, eta eztabaida amaitzerako hirugarren termino bilatuena zen Googlen. Hainbat erabiltzailek hizkera matxista leporatu diote Romneyri; bestela ere fama txarra dute errepublikanoen politikek emakumeen artean, bereziki lan munduratzeari eta abortuari dagokionez.

AEBetako herritarrei egunero eragiten dieten beste zenbait gai ere izan dituzte hizpide; esaterako, norbanakoek eduki ditzaketen armen gaineko kontrola. Bi hautagaiak ezeroso harrapatu ditu galderak, eta Obamak segituan bihurritu du erantzuna, hezkuntzaren garrantziari buruzko erretolika betean babesa bilatuz; moderatzaileak moztu egin dio, eta hurrengo galderara igaro dira.

Laburki bada ere, orain immigrazioaz ere galdetu diete; pisu handia duen gaia izanagatik, eztabaidatik at utzi dute orain arteko moderatzaileek. Romneyren aurkako gaia izan ohi da, eta Obamak behin baino gehiagotan leporatu izan dio legez kanpoko etorkinek «euren burua deportatu» dezatela esatea. Aste honetako debatean, etorkinen Karta berdea delakoaren bidez legeztatzearen alde egin du Romneyk.

Ezer ez dago irabazita

Edukian ez ezik, forman ere huts egin du Romneyk oraingoan, azalpen traketsetan kateatuta. Denbora gehiegi galdu du iraganeko hutsegiteak konpondu nahian, sarri Obamari aitzakia gehiago emanez eraso egiteko. Presidentea ere bikainago aritu zitekeen, ordea: demokratek kapitalista bihozgabe gisa irudikatu dute Romney kanpaina osoan zehar, baina Obamak ez du lortu oraindik Romneyren aurpegi hori jendaurrean azaleratzea.

Garaipen txiki bat izan da aste honetakoa, baina Obamak ez dio Romneyri azken kolpea eman, inondik inora. Astearteko eztabaidak utzitako aho zaporearekin, on the road dira hautagaiak berriz, Ohio eta Virginia estatu gakoak konkistatu asmoz. Astelehenean egingo dute azken aurrez aurrekoa, Floridan. Baina lehia oso estu dago; inkesta berrienek ia pareko emaitzak iragartzen dituzte, eta baliteke astelehenerako beranduegi izatea aldaketa handirik eragiteko. Herritar gehienek erabakia dute botoa, eta early voting (bozketa goiztiarra) duten hamabost estatuetan jada hasi dira horretan; milioika boto emanda daude jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.