KONGOKO ERREPUBLIKA DEMOKRATIKOA

Bukavuko borroketan NBEk ezer ez duela egin salatu dute

Matxinoek hiria hartzean NBEk huts egin izana gaitzetsi dute askok

Erredakzioa
2004ko ekainaren 4a
00:00
Entzun
Hamaika manifestazio egin zituzten atzo Kongoko Errepublika Demokratikoan, herenegun Armadako bi komandante matxinoren tropek Bukavu hiria (ekialdean) hartu zutenean NBEk Kongorako duen misioko indarrek deus ere egin ez zutela salatzeko.

Gerrillari buru izandako eta Armadan egon arren Gobernuaren aurka matxinatu diren Laurent Nkunda eta Jules Mutebesi jeneralen soldaduek hartu zutenBukavu hiria herenegun, gehiengo banjamulengea «babesteko» argudioarekin. Gobernuari leialak zaizkion soldaduak handik egozteko borroketan NBEren baketze indarrek ez zuten esku hartu. Hain zuzen ere, pasibitate horren aurka manifestazioak egin zituzten atzo Kinsha-sha, Kisangani, Libumbashi, Kindu, Goma eta Butembo hirietan. Kinshashan (hiriburua) NBEren aurka protesta egiten zuten bi manifestari gutxienez hil zituzten tiroz, eta beste bi zauritu. Ordu batzuk lehenago, Joseph Kabila presidenteak zera esan zuen telebistan, Bukavuko borroketan Ruandak esku hartu izana salatuz: «Agerikoa da Ruandako tropek gure herriari eraso diotela. Herria defendatzeko giza baliabide zein material guztiak mobilizatzeko deia egiten dut». NBEren geldikeria ere salatu zuen Kabilak.

Ruandaren gezurtatzea

Ruandak gezurtatu egin du soldadu matxinoei laguntza eman izana. Ruandako Atzerri ministro Charles Murigandek erabat gezurtatu zuen bere gobernuak zerikusirik izan duela. «Kabilaren adierazpenekin zur eta lur geratu gara; ez dute inolako oinarririk».

Nkunda jeneral matxinoak ere Ruandaren laguntzarik jaso izana ukatu zuen, eta Kabilaren gobernuari «leial» zaiola nabarmendu zuen. Bi jeneral matxinoek azaldu zuten NBEren esku utziko dutela Bukavu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.