Gobernuburu izan diren emakume askok partekatu dute burdinazko dama ezizena. Ezagunena Margaret Tatcher bada ere, Liberiako presidente Ellen Johnson-Sirleafen (Monrovia, Liberia, 1938) irmotasunak ere goitizen bera du. Afrikak estatu baten buru duen lehen emakumea da.
Izaera sendoarekin batera, Johnson-Sirleafen amatasun senak bereganatu zituen liberiarrak 2005ean. Presidentetzari «ama baten sentiberatasuna» eman nahi ziola esan zuen, gerraren zauriak artatzeko. Hamalau urte iraun zuen gerra zibilaren ondotik hartu baitzuen kargua. Lau seme-alabaren ama eta zortzi bilobaren amona denak bere gain hartu zuen urteetako ezinikusiek suntsitutako gizartea adiskidetzeko ardura. Oraindik zatiketek irauten dutela salatu dio oposizioak.
Ekonomia ere hutsetik berregituratu du, eta ustelkeria ezabatzea izan du xede. Ekonomia ikasi zuen, Liberian eta Hardvarden, eta finantzen alorrean postu garrantzitsuak izan ditu. Herritarrek ekonomian zuen eskarmentuagatik hautatu zutela diote, hain justu, aditu askok.
17 urterekin ezkondu zen; gerora banandu egin zen. Bi aldiz ezagutu du erbestea, baita kartzela ere, Samuel Doeren erregimena kritikatzeagatik. Curriculumeko tatxa larriena Charles Taylorgerra krimenengatik epaitzen ari diren presidente ohia babestea da, baina barkamena eskatu zuen horregatik. •
Ellen Johnson-Sirleaf
Burdinazko ama
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu