Atzo gauean hasi zen Burkina Fasoko Splendid hotelean hoteleko bahiketa. Berri agentziek zabaldu dutenez, hotelaren inguruko jatetxe batean hasi zen erasoa. Tiroka ekin zieten erasotzaileek, eta hamar lagun hil. Gero, hotelaren aurreko ibilgailu bat zartarazi zuten, eta hark sutan jarri zituen beste zortzi. Anabasa hartan, hotelera sartu eta bahiketa abiatu zuten.
156 lagun bertan zirela hotelean itxi zen Magreb Islamikoko Al-Qaedako talde bat. Ejerzitoak operazioa egin du gaur goizean, eta bahiketa amaitutzat eman du. Segurtasun Ministerioak jakinarazi duenez, erasotzaileetako hiru hildakoen artean daude. Lekukoen berri agentziei esan dietenez 20 bat hilotz ere ikus daitezke hotelean. Iturri ofizialek azaldu dutenez 26 dira hildakoak, eta 18 herrialdetakoak dira. Izan ere, hotel horretan Mendebaldeko jendeak eta Nazio Batuen Erakundekoak hartzen du ostatu., batez ere
Burkina Fasoko armadak Frantziakoaren laguntza izan du hoteleko gatibuak askatzeko operazioa aurrera eramateko orduan. Berri agentziek diotenez, erasotzaileek lehergailuak jarri dituzte hoteleko zenbait gunetan, eta, horregatik, ordu asko behar izan dituzte operazioa amaitutzat jotzeko.
Libre gelditu diren gatibuetako batzuk atxikita izan ditu armadak, lekukoen arabera, erasotzaileekin izan ditzaketen loturak aztertzeko.