Burkina Fasoko armadak iragarri duenez, Isaac Yacouba Zida koronela izango da jarduneko presidentea. Aho batez aukeratu dute; beste hautagaia Honore Nabere Traore jenerala zen.
Compaore presidente ohiak herenegun iragarri zuen dimisioa, eta Boli Kostan dago, hango gobernuak baieztatu duenez. Jamusukro hirira iritsi zen.
Asteartetik ari dira protestan ehunka herritar, 27 urte aski dira lelopean, Compaorek boterean jarrai ez dezan. Estatu kolpe baten bitartez iritsi zen presidentetzara, 1987an, eta 1998an, 2005ean eta 2010ean hauteskundeak irabazi zituen. Azken horien ostean oposizioak bozketa sistema aldatzea eskatu zuen.