Konstituzioa berresteko prozesua uste baino buruhauste gehiago ematen ari zaie Europako Batasuneko agintariei zein Batasuneko estatuetakoei. Buruko minak joan den maiatzaren 29an hasi ziren, Frantziako estatuko herritarrek EBko sortzaileetako bateko biztanleek itunaren testuari ezezko ozena (botoen %54,37) emanda. Alarmak, ordea, lehenagotik piztuak zituzten agintariek, inkestek loa kentzeko moduko aurreikuspenak iragartzen hasi zirenetik. Aurreikuspenak, gainera, bete ziren, eta berreste prozesuko gaixotasunaren lehen sintoma izan zen. Haatik, botikara joateko ia astirik izan baino lehen, bigarren agerraldia (ezatsegina agintarientzat, atsegina herritar askorentzat) egin zuen sintomak handik hiru egunera: Herbehereetako botoemaileek are ezezko biribilagoa (%62) eman zioten testuari.
Eredu neoliberala sendotuko eta finkatuko duen ituna gustuko ez dutenek, aldiz, botikarik onena hari aurre egitea dela deritzote. Eta, haien iritzia EBko gainerako estatuetara zabaltzearen domino efektua beldur, haiei ahotsa ez eskaintzea erabakitzen edo aztertzen ari dira agintari batzuk; Erresuma Batuko lehen ministro Tony Blair eta Danimarkako Atzerri ministro Per Stig Moeller, adibidez. Blairrek muzin egin dio bere kasa erabakirik ez hartzeko eta erantzukizunak, eztabaida eta aterabideak denen arteanbanatu eta hitzartzeko Bruselak kide guztiei eginiko eskaerari. Atzo hasi eta gaur bukatuko den goi bilera baino lehen bederen nork bere kasa ez jokatzeko galdea zen. Baina arrunt oposizio euroeszeptikoa duen horrek, ituna berresteko prozesua moteltzeaz gain, zalaparta eta polemika handia eragin du arlo ekonomikoan, deskontu britainiarra deritzona negoziatzeari uko eginda.2006an egitekoa zuen erreferenduma bertan behera utzi du Blairrek. Galdeketa egiteko aukera orain EBk pairatzen duen krisi egoera aldatzearen araberakoa izango dela esan du aste honetan, eta EBko gainerako estatuetan egiteko dauden bozketak atzeratzea komeni dela.
Antzeko ildotik jo du Danimarkako Atzerri ministroak. Hala, goi bileraren ondoko egoera «nahasia» izango dela iritzita, agian galdeketa bertan behera utziko duela iragarri du. Datorren irailaren 27rako zuten finkatua erreferenduma egiteko eguna.
Bestelako botikarik proposatu zuenik ere izan zen. Frantziaren ezetza baino egun batzuk lehenago, ezezkoa nagusituz gero galdeketa errepikatu egin beharko litzatekeela esan zuen testuaren egileetako batek, Valery Giscard d'Estaing Frantziako presidente ohiak. Alegia, Danimarkak eta Irlandak Maastricht eta Nizako itunekin hurrenez hurren egin zutena egitea proposatu zuen. Galtzen ez dakiten agintarien ohiko jokaera, horietako inork ez baitu bere gustuko emaitza izan denean bozketa errepikatzeko eskatu.
Berretsiak eta berrestekoak
EBko kide guztiek (25) berretsi ezean, ezingo da Konstituzioaren Ituna indarrean sartu. Horregatik hainbeste kezka eta buruhauste. Aditu batzuek hiltzat jotzen dute egungo testua, eta badira berau EBko kide guztiek batera bozkatzeko eskatu dutenak ere, behiala bezala. Dena dela, orain arteko bestelako itunei jarraiki funtzionatzen segitzen du EBk. Alabaina, geroa eta norabidea kili-kolo dauzka, oraingo ezaugarriekin bai behintzat.
Arestian aipatutako errefusak izan diren arren, egundaino 10 estatuk berretsi dute ituna: Alemania, Austria, Eslovakia, Eslovenia, Espainia, Grezia, Hungaria, Italia, Letonia eta Lituania.Denetan Legebiltzarra izan da berreslea, eta Espainian, horrez gain, baita herritarrak ere. Belgikari berreste fasea bukatzea geratzen zaio eta beste 12 estatuk berretsi beharko dute: Danimarka, Erresuma Batua, Estonia, Finlandia, Irlanda, Luxenburgo, Malta, Polonia, Portugal, Txekia, Suedia eta Zipre. Buruhauste franko, agintariak burumakur... Altxatuko al du EBk burua?
EUROPAKO KONSTITUZIOA
Buruhauste franko
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu