Buruzagi independentista espetxeratuen baimenak indargabetzeko eskatu du fiskaltzak

Gorenak bertan behera utzi zituen atzo bost buruzagi independentista espetxeraturen hirugarren graduak.

Junqueras, aurreko ostiralean, espetxetik irten berri. QUIQUE GARCIA / EFE
2020ko uztailaren 29a
14:49
Entzun

Preso dauden Kataluniako buruzagi independentisten lanera joateko aukera bertan behera uzteko eskatu dio fiskaltzak Espainiako Auzitegi Gorenari. Kataluniako Gobernuak uztailaren 14an onartu zien hirugarren gradua presoei, espetxe araudiko 100.2 artikulua aplikatuta. Fiskaltzak, ordea, gradu aldaketa bertan behera uzteko eskatu zuen lehenik, eta baimenak kentzeko orain. Gorenak, lehen eskaerari men eginez, atzo utzi zituen bertan behera bost buruzagi independentista espetxeraturen hirugarren graduak. Javier Zaragoza eta Jaime Moreno Goreneko fiskalek —akusazioaren parte izan ziren epaiketan— euren eskaera «berehala» betetzeko eskatu dute, «proces independentistan sedizioagatik kondenatutako» kide guztien kasuan.

Fiskaltzak gogoratu du Generalitateak hartutako erabakien aurkako helegitea jarria dagoela espetxe zaintzako epaitegietan; baina nabarmendu du, apelazio errekurtsoak Gorenera iritsi bitartean, Manuel Marchena epaileak zuzendutako salak onartu behar duela 100.2 artikuluaren «behin-behineko indargabetzea». Erabakiak Oriol Junqueras Kataluniako presidenteordearen, Raul Romeva, Joaquim Forn, Josep Rull, Jordi Turull eta Dolors Bassa kontseilari ohien, Jordi Sanchez ANCko presidente ohiaren eta Jordi Cuixart Omniumeko presidentearen egoerari eragin beharko liekeela uste dute fiskalek. Izan ere, Carme Forcadell Kataluniako Parlamentuko presidente ohiarekin eginiko bera egiteko eskatu dute. Hari hilaren 23an ukatu zioten baimena.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.