Ustekaberako prestatzen ari dira, dena den, analistak. Hainbat astez, bozak galdutzat eman ondoren, kanpaina asko bizkortu dute errepublikanoek azken egunetan galdeketek demokratei emaniko abantaila murrizteko. Aukera onak galtzen trebeak direla erakutsi dute demokratek azken urteetan.
Kongresuko eserleku guztiak (435) daude jokoan bozetan, baina Senatuaren heren bat (33 aulki) baino ez dute berrituko. Bi ganberen kontrola bereganatzeko, demokratek egun baino 15 eserleku gehiago eskuratu beharko dituzte Kongresuan, eta gutxienez sei aulki gehiago Senatuan.
Gallup enpresak plazaraturiko inkestaren arabera, boto-emaileen %51k demokratei emango diete botoa, eta %44k, errepublikanoei. Duela hilabete bat askoz tarte handiagoa zuten demokratek (%60).
Eskandaluak izan dira kanpainako protagonista, batez ere errepublikanoen aldetik, baina gai nagusia Irakeko egoera izan da.
'HUSSEIN EFEKTUA'. Urria izan da hilabeterik odoltsuena AEBek Iraken dituzten tropentzat. Gainera, AEBetako herritarrek ez diote irtenbiderik ikusten arazoari, eta presidente denetik inoiz baino gutxiagok babesten dute Bush. Soilik estatubatuarren %37k uste dute zuzen ari dela Gobernuan.
Igandean, ordea, Saddam Hussein presidente ohiari heriotza zigorra ezarri zioten, eta baliteke horrek orekatzea AEBen hilabete beltzena Iraken. Izan ere, demokrata batzuek salatu egin dute Husseinen aurkako ebazpena emateko eguna Bushi mesede egiteko aukeratu dutela. Badaezpada ere, demokratek ere Husseinen aurkako ebazpenarekin pozik daudela adierazi dute.
Armadatik, ordea, kolpe gogorra etorri zitzaion atzo Etxe Zuriari. Armadak argitaratzen dituen egunkarietako editorialetan gogor gaitzetsi dute Donald Rumsfeld Defentsa idazkaria. Irakeko estrategiaren egileak «armadaren buruzagitzaren konfiantza galdu» duela nabarmentzen zuten egunkariok, eta hura ordezkatzeko eskatzen zioten Bushi.
Eskandaluek demokraten alde jokatu dute kanpainan. Zabaldu zenez, Mark Foley Kongresuko kide demokratak mezu elektroniko lizunak bidaltzen zizkien bere bulegoan bekadun gisa lanean zebiltzan mutilei, ganberan homosexualitatearen aurka bozkatzen zuen bitartean. Ondoren, errepublikanoen inguruko AEBetako Eliza Ebanjelikoko buruak, Ted Haggarrek, onartu zuen gizonezko batekin sexu harremanak izan zituela prostituzio etxe batean.
Kongresuaren kontrola bereganatuz gero, Iraki erasotzeko hartutako erabakiak ikertuko ditu ganberak. Horrez gain, diruaren giltza euren esku izango dute demokratek, Kongresuak onartu behar baitu dirua zein egitasmori eman. Bigarren agintaldiko azken bi urteak oso luzeak egin dakizkioke Bushi.
GaurKo LeHiarik gogorrenaK
Lehia estuan ibiliko dira gaur Alderdi Demokrata eta Alderdi Errepublikanoa. Eserleku batzuek emango diete batzuei edo besteei gehiengoa Kongresuan eta Senatuan. Aulkirik eztabaidatuenak estatu hauetan daude. Gaur kontuan hartu beharreko lekuak dira.Montana. Ustelkeria kasuen itzala kolokan jarri dute Conrad Burns senatari errepublikanoaren aulkia. Jack Abramoff iruzurgilearekin zerikusirik ez duela adierazteko iragarkiak jarri behar izan ditu Burnsek. Horrez gain, mendian sute bat amatatzetik zetozen suhiltzaileei «lan penagarria» egin zutela esan zien eta haserre handia eragin zuen.
Connecticut. Hiru hautagai daude. Joe Lieberman da bat; alderdi demokratako primarioak galdu zituen, Irakeko gaian Bushen alde egin zuelako. Gaur independente gisa aurkeztuko da Lieberman, eta litekeena da horrek errepublikanoen botoa banatzea.
Pennsylvania. Rick Santorum hautagai errepublikanoak homosexualitatearen aurkako adierazpenak egin ditu. Hautagai demokrataren atzetik geratuko da, inkesten arabera.
Ohio. Alderdi Errepublikanoak Kongresuko hamar eserleku ditu jokoan estatu honetan. Orpoz orpo dabiltza bi hautagai nagusiak.
New York. Hillary Clinton aurkeztu da Senatuko aulkia berriz eskuratzeko, Bill Clinton presidente ohiaren emaztea. Errepublikanoek galdutzat eman dute eserleku hori. Litekeena da Clintonek garaipena presidentetzarako aurkezteko erabiltzea.
Virginia. George Allen senatari errepublikanoari arrazakeria egotzi diote. Hautagai demokratak gerraren kontrako kanpaina gogorra egin du. Bi hautagaiak parez-pare dabiltza inkestetan.
Florida. Mark Foley diputatu errepublikanoa ez da hautagaia izango, Kongresuko bekadunei sexualki jazarri ziela jakin zenean sorturiko eskandaluarengatik. Edonola ere, legez beranduegi zen haren izena botopaperetatik kentzeko, eta hala agertuko da gaur.
Texas. Kongresuko talde errepublikanoko buru ohi Tom Delay izan behar zen hautagaia, baina, eskandaluak direla eta, atzera egin zuen. Epaileek erabaki zuten, ordea, ezin zuela izena kendu botopaperetik, eta haren ordezkoaren alde bozkatzen dutenek, eskuz jarri beharko dute izena, Delayrena ezabatu ondoren.
Tennessee. Bill Frist Senatuko taldeko buru errepublikanoak kargua utzi du, eta horren ondorioz, haren ordezkoak ez du izango karguak ematen dituen erraztasunak berriz aukeratua izateko.
Indiana. Errepublikanoek Kongresuan dituzten hiru aulki kolokan daude. Demokraten esku geratuz gero, estatuko bederatzi aulkietako bost haien kontrolpean geratuko dira.
New Jersey. Demokratek Senatuan arrisku gorrienean duten aulkia estatu honetan erabakiko da. Robert Menendez senatariaren kontrako kanpaina gogorra egiten ari da Tom Kean errepublikanoa, hari ustelkeria leporatuta.
Arizona. Azken inkesten arabera, Jon Kyl errepublikanoak eutsi egingo dio karguari, eta hutsean geldituko da Jim Pederson demokrataren ahalegina.