IRAKEN OKUPAZIOA.

Bush: «Badaude Irak libre bat lortzeko itxaropenerako arrazoiak»

Etxe Zuriko buruak okupazioa defendatu du, eta lehen ministro ohi Alauik, berriz, gerra zibila dagoela esan

2006ko martxoaren 21a
00:00
Entzun
Atzo hiru urte AEBak eta beren aliatuak (bereziki Erresuma Batua, Australia eta Espainia) Irak inbaditzen hasi ziren. Washingtonek eta Londresek zuzendutako armadak Irakera itzuli ziren. Biak 1991n izanak ziren, Golkoko I. Gerran, beste hainbat armada aliaturekin batera. Britainiarrek, halere, lehenagotik ezagutzen zuten Irak, Ekialde Hurbilaren zati handi bat beren kolonia izan baitzen eta beraiek marraztu baitzituzten egungo Iraken mugak. Nolanahi ere, 2003an abiatutako inbasioari dagokionez, garesti ateratzen ari zaie okupazioa atzerriko tropei, baita irakiarrei ere. Irakiarren heriotzak zenbatzerakoan daude alde gehienak; iturri batzuek 33.000 eta 38.000 artean jartzen dute kopurua, baina badira ere 100.000tik gora direla esaten dutenak. Okupazio indarren artean, aldiz, 2.318 soldadu estatubatuar, 103 britainiar eta beste estatuetako 104 hil dira.

Egunero-egunero erresistentziaren eta beste taldeen erasoak gertatzen dira, eta segurtasun egoera eta egonkortasun politikoa koloka daude. Halere, Iraken daraman politika defendatzeko eginahal bereziak egiten ari da azken egunotan Etxe Zuria, inbasioaren hirugarren urtemuga eta gerraren kontrako barne zein kanpo oposizio gero eta handiagoa direla-eta. Hala, igandean, AEBetako presidente George Bushek esan zuen Irakeko «aurrerapenak adoretuta» zegoela. «Iraken garaipena lortzeko estrategia martxan jartzen ari gara». Horrez gain Irakeko alderdiei batasun nazionaleko gobernua osatzeko deia egin zien. Bushek uneoro «gerra» hitzasaihestu, eta «Iraken askapenaren hirugarren urtemuga» izan zuen bere adierazpenen ardatz.

Ildo berean, AEBetako presidenteorde Dick Cheneyk Irakeko egoera gerra zibil baten parekoa dela ukatu, eta indarkeria maila erresistentziaren «etsipen egoerari» leporatu zion. «Ikusi duguna gerra zibila pizteko saio serioa da, baina ez dut uste lortu dutenik», azaldu zuen.Bitartean, Defentsa idazkariRumsfeldek AEBetako tropak (133.000 inguru) Iraketik «aurki» aterako direla baztertu zuen, The Washington Post egunkarian idatzitako artikuluan. «Gerraondoko Iraki bizkarra ematea, gaur egun, gerraondoko Alemania naziei itzultzearen baliokide modernoa litzateke», argudiatu zuen. Joseph Biden senatari demokratak, aldiz, okupazio indarren egoera «iaz baino okerragoa» dela esan zuen.Atzo, urteurrenaren kariaz,Bushek, Etxe Zuriaren estrategia eta baikortasuna hedatu nahian okupazio indarrek «arrakasta» batzuk nabarmendu zituen. Siriako muga ondoan dagoen Talafar hiriaren aurkako erasoaldia (2004an hasia eta iaz berriz abiatua) adibidetzat hartuta, hango erasoaldiaren xehetasunak eman ondotik honakoa esan zuen: «Komunikabideetan hilketak, mendekuak, erasoak... indarkeria agertzen da nagusiki, eta [AEBetako] herritarrek beren buruari galdetuko diote ea nondik ateratzen dudan nire baikortasuna. Talafarren izan dugun arrakastak Irak libre baterako itxaropena izateko arrazoiak ematen ditu». Dena den, Irakeko gainerako lekuetan AEBek dituzten zailtasunak onartu zituen: «Talafarren eginiko aurrerapena nonahi, Irakeko alde guztietan, gertatzen dela esatea gustatuko litzaidake, baina ez da horrela». Asteburuan eta atzo Iraken okupazioaren kontrako manifestazio ugari egin zituzten munduan, baina oraingoan Liga Arabiarrak ez du, aurreko urteotan ez bezala, adierazpenik hedatu.

Gerra zibila gora eta behera

Egungo lehen ministro Ibrahim al Jafarik nabarmendu zuen sunitek 2005eko urtarrileko hauteskundeak boikotatu zituzten arren, bere gobernua haiek «prozesu demokratikora» hurbilarazten saiatu zela, eta 2005eko abenduko bozetan parte hartu izana oso garrantzitsua izan zela. Era berean, «akats» iritzi zion Irakeko Gobernu Kontseiluan (egungo gobernuaren aurreko erakundea, AEBen babesean osatua) Moktada al Sadr buruzagi xiita sartu ez izanari. Al Sadren Mehdiren Armada bitan matxinatu zen AEBen kontra, 2004an. «Politika hori zuzendu nuen eta Al Sadren taldea prozesu demokratikora ekarri nuen», azaldu zuen Al Jafarik.

Irakeko Barne Ministerioan atxilotuak torturatzen zituztela frogatu zuten duela hilabete batzuk, eta torturen auzia «arbuiagarria» zela esan zuen lehen ministroak, baina horiek ikertzeko batzorde sunita bat eratu zuela gogorazi zuen. Bestalde, «terroristen kontrako gerra bide militarretik soilik» ezin dela irabazi nabarmendu zuen, eta irakiarrei herrialdea elkarrekin eraikitzeko deia egin zien.Haatik, behin-behineko lehen ministro izandako Iad Alauik (xiita laikoa), alderdi xiita eta sunita nagusiek esandakoaren kontra eginez, Iraken gerra zibila egon, badagoela esan zuen: «Hau gerra zibila ez bada, soilik Alak daki zer den».Atzo gutxienez 20 pertsona hil eta 30tik gora zauritu ziren Iraken barrena izandako erasoetan. Gainera, Bagdaden 12 herritarren gorpuak aurkitu zituzten. Bestalde, herenegun AEBetako Time aldizkariak argitaratu zuenez, iazko azaroan AEBetako soldaduek Haditha herrian erasoa jasan ondoren etxeetan «modu basatian» sartu eta 15 zibil irakiar hil zituzten, hauen etxeetan. Pentagonoak iaz emandako bertsioaren arabera, zibilak erresistentziak zartarazitako bonba batek eraginda hil ziren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.