Lasteketa eroaren azken ahaleginean sartuta daude bi hautagai nagusiak. Inkestak oso parekatuta daude eta batari edo besteari ematen dioten aldea neurketa horien akats tartean sartu behar dira.Bushek eta Kerryk aldatu egin dute diskurtsoen estrategia azken egunotan. Bestearengatik gaizki esaka jardun barik, botoa eskatzera mugatu dira. «Orain da aukera», «egun bat besterik ez da falta», «denon artean lor dezakegu» eta antzekoak dira maizenik entzun diren esaldiak. Azken orduak dira eta zalantzazkoak diren estatuetatik irten gabe dabiltza hautagaiak.
Kontuan hartzeko faktoreak
Bi faktore nagusik erabakiko dute gaurko bozketan. Nader hautagai ezkertiarraren botoemaileen jokabidea, eta herritarrek Bush boteretik botatzeko eduki dezaketen gogoa.
Naderren botoemaileek oso zaila daukate erabakia, Bushi beste lau urtez Etxe Zuriko maizterra izaten lagun diezaioketelako. Are gogorragoak izango diren lau urteetan, Bushek ondorio kezkagarria atera bailezake garaipen emaitzetatik: herritarrak nirekin daude, egin ditudanak egin eta gero, gogor ditzadan, beraz, barne eta kanpo politika. Eszenatoki horrek beldurtu egin ditzake Naderren botoemaileak.Bigarren baldintza herritarrek Bush boteretik kentzeko eduki dezaketen gogoa da. Kerryren aldeko botoa baino gehiago Bushen aurkakoa izango da gaurkoa askorentzat (ekonomiaren egoera, kanpo politika, gerrazaletasuna...). Aurreneko aldiz bozkatzeko adinean dauden milioika gaztek eta 2000n bozkatu nahi ez baina lau urtez Bush jasan dutenek daukate giltzetako bat. Azken urteotan globalizazioren aurkako mugimenduak lozorrotik atera ditu gazteak.
Clintonen absentzia
Kerryk ez du jokatu nahi izan bere alde eduki zezakeen tresnarik eraginkorrena: Clinton presidentea. Presidente ohia oso gutxitan agertu da kanpainan hautagai demokratarekin. Zergatik? Jakinda Clintonek falta zaizkion bizpahiru puntuak eman liezazkiokeela Kerryri. Bera, Kerry,nahikoa dela erakusteko? Horixe bera izan zen Al Goreren hutsik handiena: pentsatzea Clintonen laguntzarik gabe irabaz ziezaiokeela Bushi. Kerryk, gutxienez, bizpahiru mitinetara eraman du Clinton. Egia da Clinton atera berria dela bihotzeko ebakuntza batetik. Baina egun bizbat Kerryren ondoan agertzea nahikoa izango zuen Kerryren garaipena segurtatzeko. Ulergarria izan zen jokabide hori Al Gorerekin. Clinton Lewinskyren aferarekin zebilen eta Al Gore presidenteordea izan zen hura gertatu zen bitartean. Espresuki eskatu zion Al Gorek Clintoni kanpaina osoan ez agertzeko. Baina, Kerryren mitinetan agertu denetan erakutsi duen bezala, Clinton da oraindik ere demokraten aktiborik baliotsuena. Clinton eta Boss-a, Bruce Springsteen.
-
Hauteskunde gida
AEBetan, herri gehienetan ez bezala, presidentea ez dute Legebiltzarreko kideek erabakitzen. Ez Ordezkarien Ganberako kideek ezta Senatuko kideek ere. Are gutxiago herritarrek boto zuzenaren bidez. Bitarteko jauntxo batzuek egiten dute lan hori, herritarrek erakutsitako borondatea segituz. Hona hemen gaurko hauteskundeetan ez galtzeko hainbat argibide praktiko.
Herritarren botoa (popular vote): Herritar bakoitzak, hautesle bakoitzak, ematen duen botoa. Estatu jakin batean nork irabazi duen erabakitzen dute.
Hautatzaileak (electoral vote):Herritarrek estatu jakin batean eman duten botoaren interpretatzaileak dira. Estatu bakoitzak daukan demografiaren araberako hautatzaile kopurua dauka. Kaliforniak, esate baterako, 55 dauzka. Alderdi Demokratak bere konfiantzako 55 hautatzaile izendatu ditu Kalifornian eta beste horrenbeste egin du Alderdi Errepublikanoak. Hautagai demokratak irabazten badu, 55 hautatzaile demokrata horiek bildu eta interpretatuko dute herritarrek Kerry nahi dutela presidente. 55 hautatzaile horiek, Kaliforniako herritarren nahia betez, bozkatzen dute presidentea. Hautatzaile horiek ez dira politiko profesionalak. Duela urte asko herritar arruntek ezin zuten bozkatu hauteskundeetan, elitea osatzen zuten hautatzaileek soilik (dirudunak, lurjabeakÉ) bozkatzen zuten.
Hautatzaileen batzarra (electoral college): Ez da erakunde bat, metodo bat baizik. Bilera bat da, abenduaren 13an egingo dutena. AEBetan demokrazia ezarri zen garaitik dator metodoa. Estatu bateko hautatzaileek osatzen duten bilera da batzarra. Ez daukate beste botererik. Legez derrigorrezkoa da hautatzaileek hautagai bozkatuenari ematea botoa 26 estatutan; beste 24tan edozein hautagairi eman diezaiokete botoa, nahiz gutxitan gertatu. 2000ko bozetan, ordea, Columbiako Barrutiko hautatzaile batek botoa Al Goreri eman ordez, zuri bozkatu zuen; eta 1976koetan Washingtongo hautatzaile batek Ford demokratari eman ordez botoa Reagani eman zion.