iraken okupazioa

Bushek "beste aukera bat" eskatu du Irakerako

AEBetako presidenteak Kongresuan esan du okupazioko plan berria dela "arrakasta izateko aukerarik onena". Iraketik erretiratzeak "ondorio handiak eta larriak ekarriko lituzke". Demokratek "lehenbailehen beste norabide bat" hartzea eskatu diote, baina "horrek ez du esan nahi gerran atzera egitea eta Iraketik azkar erretiratzea".

2007ko urtarrilaren 24a
13:09
Entzun
George Bush Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteak ez du amore eman nahi, nonbait, Irakeko okupazioan (duela lau urte hasi zuten), eta bart AEBetako Kongresuan Irakerako "beste aukera bat" eskatu du, harako plan berria duela-eta.

Irakera beste 21.500 soldadu bidali nahi dituela esan zuen orain egun batzuk, eta bart oposizioa horren alde azaltzeko saioak egin ditu Bushek. "Plan berria da arrakasta izateko aukerarik onena", esan du. "Iraketik erretiratuko bagina, horrek ondorio handiak eta larriak ekarriko lituzke". Irakeko Gobernua "muturreko indarrek zapaldu" egingo lukete, AEBetako presidentearen ustez; "xiitek, Iranen laguntzarekin, eta suniek, Al Kaedarenarekin, gerra epikoa egingo lukete, eta gatazka zabaltzeko arriskua legoke".

Ez du erraza Bush errepublikarrak, Kongresuan azaroaren 7ko hauteskundeetatik demokratak direlako nagusi. Bush, batik bat demokratei zuzendu zaie bart: "[AEBetako Kongresuak Irakeko inbasioaren alde bozkatu zuenean] Zuek ez zenuten bozkatu porrotaren alde. Gure herriak estrategia bat du Iraken eta horrek funtziona dezan beste aukera bat ematea eskatzen dizuet".

Demokratek, baina, kritikatu egin dute presidentea. Irakeko gerran "arduragabekeriz" jokatzea leporatu diote. "Aurreikusia zegoen kaosaren menpe gaude orain", adierazi du Jim Webb senatari demokratak. Bushi "lehenbailehen beste norabide bat" hartzea eskatu diote. "Horrek ez du esan nahi gerran atzera egitea eta Iraketik azkar erretiratzea".
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.