Azken urteotan egindako eraso gogorrena izan da. Hasiera batean hildakoak 55 izan zitezkeela eman zuten aditzera hainbat informazio iturrik. «Urruti dagoen eremu batean izan da erasoa, eta oraindik ez dakigu zenbat hil eta zenbat zauritu diren». Polizia batek erasoa izan eta berehala esan zuen ez zekitela zenbat zeuden larri. Ram Vichar Netam estatuko ministroak, berriz, hogei pertsona larri zaurituta zeudela eta hildakoen kopurua handitu zitekeela adierazi zuen. Erasoaren ondoren gerrillariek hainbat pertsona bahitu zituztela esan zuen, era berean, ministroak.Errapore eta Konta herrien arteko bidaia egiten ari ziren biktimak. Maoisten kontrako bilera batean parte hartu zuten, eta handik bueltan zetozen, hiru kamioitan. Minak bete-betean harrapatu zuen kamioietako bat eta beste biek su hartu zuten. Girdhari Naik poliziaren arabera, minak harrapatu zuen kamioia erabat txikituta gelditu zen hildako gehienak kamioi horretakoak ziren. Poliziak erasoa izan zen lekura ailegatzean maoisten eta polizien arteko borrokak izan zirela eman zuten aditzera hainbat informazio iturrik. Poliziako kideekin tiroketa izan zela eta gerrillariek hirurogei pertsona bahitu zituztela zehaztu zuten iturri horiek.Maoistek borroka armatuari ekin ziotenetik sei mila pertsona baino gehiago hil dira borroketan. Iaz gogortu egin zituzten erasoak eta, orotara, 892 pertsona hil zituzten. Aurreko urtean, berriz, 653 pertsona hil zituzten erasoetan. Iragan otsailean, berriz, berrogei pertsona hil zituzten maoistek Chhattisgarhen. Bake negoziazioek porrot egin ondoren, talde maoista guztiak debekatu zituen New Delhik.
Hiru hamarkada borrokan
70eko hamarkadan ekin zioten borrokari maoistek. Indiako Barne Ministerioaren arabera, 9.300 gerrillari maoista daude egun Indian. Beste informazio iturri batzuen arabera, baina, 10.000 dira. New Delhik ez duela maoisten indarra behar bezala aintzat hartu iritzi diote adituek. Kaxmirko independentzia aldarrikatzen duten gerrillariak baino arriskutsuagoak izan daitezkeela ohartarazi dute, horren harira, adituek. Gobernuak, maoistei aurre egiteko, tokian tokiko taldeak eratzeko politikari ekin zion iaz. Eremu pobreetan bizi diren herritarren eskura armak jarri zituen. Maoisten erasoen jomuga agintariei sostengua ematen dieten talde horietako kideak dira. Lurren jabe handiak eta ustelkerian aritu diren udal agintariak ere badira erasoen jomuga.
Europako Batasuneko Atzerri Politika eta Segurtasunerako goi komisario Javier Solanak gogor gaitzetsi zuen erasoa: «Ezein aldarrikapen politikok ezin du inoiz ekintza kriminal eta terrorista bat justifikatu». George Bush presidentea gaur da iristekoa Indiara atzo atera zen Washingtondik. Pakistanera joango da ondoren. Bi herrialdeetara joango den aurreneko aldia izango da. Washingtonen aliatuak diren bi herrialde horiekin harremanak sendotu nahi ditu presidenteak, biak aurkari badira ere. Protesta artean egingo diote harrera.
-
Datua
5.000
George Bushen segurtasuna bermatzeko 5.000 agente baino gehiago egongo dira egunotan New Delhin. Maurya Sheraton hiriburuko bost izarreko hotelean hartuko du ostatu presidenteak, eta hango 600 logelak erreserbatu dituzte. Punta-puntako teknologiaz egindako tonaka segurtasun tresna ezarri dituzte han. Airekoak ezingo dira ibili eta inguruko kaleak ere itxi egin dituzte.