Estatu Batuetan bizi diren paperik gabeko etorkinei dago zuzendua Bushen egitasmoa. Horiek herrialdean geratzeko hiru urteko baimen berezia eskura dezakete, lan kontratua dutela frogatuz gero, eta 2.600 euro ordainduta. Gehienez ere behin berritu dezakete baimena. Etorkinak lana galdu edo delituren bat eginez gero, ordea, baimena galduko du. Era berean, bisatu mota horrek soilik langilearentzat balio du, ez haren familiarentzat.
Bestalde, pertsona horrek epe luzeagoan geratu nahi badu, bere herrialdera itzuli behar du.AEBek han duten enbaxadan eskatu behar du Txartel Berdea-Green Card- izenekoa, eta 7.500 euroko isuna ordaindu behar du, aurretik Estatu Batuetan baimenik gabe sartzeagatik. Horrek ez du esan nahi, ordea, Txartel Berdea automatikoki lortuko duela, eta ezta hura lortuz gero, herritartasuna emango diotela ere. Beste baimenarekin duen aldea da eskubide gehiago izango dituela etorkinak; behin baino gehiagotan berritu ahal izango duela bisatua; eta herritartasuna lortzeko aukera izango duela. Egun 140.000 Txartel Berde ematen ditu Washingtonek urtean. Bushek gutxiegi iritzi die horiei, baina ez du zehaztu zenbat banatu beharko liratekeen.
Atzerrian bizi diren, baina Estatu Batuetara joan nahi dutenentzat ere bada baldintzarik. Besteak beste, frogatu behar dute han lan egiteko eskaintza jaso dutela. Enpresak, berriz, erakutsi behar du lanpostu hori ezin duela estatubatuar batekin bete.
KONTSERBADORE ETA LIBERALAK AURKA. Bushen proposamenak, demokraten eta errepublikano kontserbadoreenen haserrea eragin du. Etorkinak bigarren mailako herritar gisa tratatzea, eta familiak banatzea leporatzen diote lehenengoek AEBetako presidenteari. Bigarrenek, berriz, herrialdean «legez kanpo» sartu diren etorkinei «ezkutuko amnistia» ematea egozten diote.
Demokratek proposatzen dute paperik gabeko etorkinei dokumentuak lortzeko aukera eskaintzea, beren herrialdera itzuli beharrik gabe, eta 370 euroko isuna ordaindu ondoren. Muturreko errepublikanoek, aldiz, paperik gabekoak atxilotu eta jatorrizko herrialdera bidaltzea nahi dute.
Bushek demokraten eta kontserbadoreenen arteko bidea aurkitu behar du. Hauteskundeak gainean dituela kontuan hartuta, eta hautesle asko etorkinak edo etorkinen seme-alabak direla ahaztu gabe, kontu handiz jokatu behar du Bushek, errepublikanoek presidentetza galtzea nahi ez badu. Horregatik argudiatu du demokraten «amnistia» herrialdean «legez kanpo» sartzea saritzea dela, eta beraz, ezin dela onartu. Aldi berean, ordea, nabarmendu du herrialdeak ateak irekita dituela lanerako prest daudenentzat.
Estatu Batuetako presidentearen arabera, hazten ari den Amerikako ekonomian badira lanpostuak estatubatuarrek bete nahi ez dituztenak: «Lan horiek aukera paregabea dira senar, emazte, seme edo alaba gisa beren eginkizunak bete nahi dituzten atzerriko langileentzat». Erreformak, horien bizimodua errazteaz gain, «babestu egingo du herrialdea terrorista eta kriminalengandik».
«LEGEZ KANPOKO» HAURRAK. Demokraten, nahiz errepublikanoen proposamenek 18 urte edo gehiagoko etorkinak hartzen dituzte kontuan. «Legez kanpo» eta bakarrik AEBetan sartzen diren adingabeak inorena ez den eremuan daude. Eta ez dira gutxi. Urtero 80.000 eta 90.000 adingabe artean sartzen dira Estatu Batuetan baimenik gabe. Gehienak mexikarrak dira. Duela bost urte arte, Immigrazio Departamentuaren eskumena zen haur horiekin zer egin erabakitzea. Gehienetan atxilotu, eskuburdinak jarri, eta jatorrizko herrialdeetara bidaltzen zituzten.
2002az geroztik, Osasun eta Gizarte Zerbitzuen Departamentuari dagokio zer egin erabakitzea. Baina etorkinen elkarteek salatu dute, Poliziak paperik gabeko adingabeak atxilotzen dituenean, maiz, ez diela atxiloketen berri ematen gizarte zerbitzuei, eta zuzenean deportatu egiten dituela. «Normalean Immigrazio Departamentuko funtzionario bat joaten da adingabearekin eta herrialde hartako Poliziaren esku uzten du. Baina, beste askotan, aireportuan bakarrik uzten dituzte, eta beraien kabuz itzuli behar dute etxera», salatu du Michele Abarca abokatuak.
Adingabeek ez ezik, helduek ere arazoak izaten dituzte Poliziarekin. Etorkinen eskubideen aldeko Right Working Groupek salatu du, irailaren 11ko atentatuez geroztik,1.200 etorkinetik gora atxilotu dituztela terrorismoa leporatuta. Gehienak arabiarrak, musulmanak edo Asiako hegoaldekoak ziren. Horietako askok egindako delitu bakarra, ordea, paperik gabekoak izatea edo bisatua iraungita edukitzea izan da. Giza eskubideen taldeak egotzi dio FBIari «terroristak» eta etorkin errugabeen artean desberdintzen ez saiatzea. Horiek hala, Immigrazio Legearen inguruko proposamena eta etorkinen egoera salatzeko manifestazioak antolatu dituzte maiatzaren 1erako.
HerrITarTasuna
Etorkinek baldintza jakin batzuk bete behar dituzte herritartasuna eskuratzeko hautagai bilakatzeko.Adina. 18 urte edo gehiago eduki behar dituzte
Bizitokia. Gutxienez bost urtez jarraian AEBetan bizitzen egonak behar dute izan.
Hizkuntza. Ingeleseko oinarrizko maila izan behar dute.
Ezagutza. AEBen historia eta kultura ezagutu behar dute.
Datuak. Beren bizimoduari buruzko datuak eman behar dituzte.
Konstituzioa. AEBetako Legedia bete eta errespetatzen dutela frogatu behar dute.
Leialtasuna. Estatu Batuekin leialak izango diren zina egin behar dute.