George Bush Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) Gobernuko presidente ohiari Bagdaden zapatak botatzeagatik martxoan hiru urteko kartzela zigorrera kondenatu zuten Muntadar al Zaidi 27 urteko irakiar kazetaria, handik hilabetera helegite auzitegiak zigorra urtebetera jaitsi zuen, eta orain jakin da egunotan aterako dela kazetaria libre. Gaur zen irtetekoa espetxetik, baina haren defentsa abokatuak jakinarazi du bihar arte atzeratu dutela.
Iazko abenduaren 14an bota zizkion zapatak AEBetako orduko presidenteari, Irakeko inbasioa salatzeko asmoz, hau Nuri al Maliki Irakeko gobernuburuarekin segurtasunerako akordioa sinatzera joan zenean Bagdadera. Prentsaurrekoan ziren biak eta, zapata jaurtitze baten eta bestearen artean, oihu egin zion Al Zaidik: "Hau azken agurreko musua da, zakur hori". Hilabete geratzen zitzaion Bushi Etxe Zuritik irteteko.
Iraken, Arabiako herrialde gehienetan bezala, zapata jaurtitzea eta 'zakurra' deitzea irainik handienetakoak dira. "Bushen irribarre hotza ikusita, mundua belztu zitzaidan. Errugabeen odola sentitu nuen hankapean. Iraki agur esatera etorri zen, milioi bat martiri eragin eta herrialdea ekonomikoki eta sozialki suntsitu ostean", esan zuen Al Zaidik.
Heroitzat daukate kazetaria irakiarrek, eta estatubatuarren inbasioaren kontrako sinbolotzat.
munDUA
Bushi zapatak bota zizkion irakiar kazetaria libre utziko dute bihar
Abenduaren 14an egin zuen AEBetako orduko presidentearen aurkako ekintza, Irakeko inbasioa salatzeko. Hasieran hiru urteko kartzela zigorra jarri zioten eta gero batekoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu