Montazer al Zaidi igandean Iraken George Bush Ameriketako Estatu Batuetako (AEB) presidenteari zapatak jaurti zizkion kazetariaren familiak epaileari eskatu dio utzi dezala hura baldintzapean libre, baina epaileak baztertu egin du eskaera.
Al Bagdadia telebista kateko kazetaria da eta, Al Bagdadiak berak gaur esan duenez, epaileak estatuburu bati erasoa egiteagatik auzipetu nahi du Al Zaidi. Irakeko Zigor Kodearen arabera, gehienez zazpi urteko kartzela zigorra jaso dezake horregatik.
Kazetaria defenditzeko prest agertu dira ehun bat abokatu. "Heri horrek bidezko epaiketa izan behar du, eta jada ehun abokatutik gora agertu dira hura defendatzeko gertu", azaldu du Jalik Al Duleimi abokatuak, bere garaian Saddam Husseinen defentsan parte hartu zuen taldekoak.
Irakeko Poliziak kazetaria atxilotu egin zuen igandean bertan. Hara egin zuen bisitaren barruan, Nuri Al Maliki lehen ministroarekin prentsaurrekoa ematen ari en Bush Al Ziadik bi zapatak erantzi eta jaurti zizkionean. "Tori agurtzeko musua, txakurra!", esan zion oihuka. Inori zapatak botatzea eta "txakurra" esatea irain eta mespretxu agerpen handienetakoak dira arabiarrentzat.
Bushek bi zapatakadak saihestu ahal izan zituen. Gainera, garrantzia kendu zion gertatukoari eta halakoek ez dutela kezkatzen adierazi zuen.
MunDUA
Bushi zapatak bota zizkion kazetaria ez dute aske utzi
Irakeko Zigor Kodearen arabera, gehienez zazpi urteko kartzela zigorra jaso dezake estatuburu bati erasoa egiteagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu