Protestak herrialde arabiarretan

Buteflikaren gobernuaren aurkako manifestariei gogor oldartu zaie Polizia Aljerian

Aljer hiriburuan, 2.000 protesta egileri aurre egiteko, 30.000 polizia inguru zabaldu dira; atxiloketak egin dituzte

2011ko otsailaren 13a
00:00
Entzun
Tunisian eta Egipton gertatutakoak saihestu nahian da Aljeriako agintea. Hala, Aljer hiriburuan eta herrialdeko beste zenbait lekutan, oposizioko talde batzuek atzo Abdelaziz Buteflika presidentearen aurka antolatutako protesta elkarretaratzeei gogor oldartu zaizkie segurtasun indarrak.

Aljer hiriburuan, CNCD Aldaketa eta Demokraziarako Koordinazio Nazionala izeneko oposizio egiturak eginiko deiari erantzun diote 2.000 lagun inguruk. Horiek, baina, oso neke handiak izan dituzte Maiatzaren 1eko plazan elkarretaratzeko, goizeko lehen orduetatik, inguruetan zabaldu ziren polizia indarrek ahaleginak oro egin baitute manifestazioaren galarazteko. Guztira, 30.000 polizia zabaldu dira Aljerren eta inguruan, aurkarien protestaldiagalarazteko helburuan.

Boterearen segurtasun indarren zabaltze itzel horrek ez ditu, haatik, aurkariak gibelarazi, orduak pasatu ahala gero eta jende gehiagok lortu baitu Aljer erdialdeko Maiatzaren 1eko plazatik hurbiltzea. Une batean, haatik, polizia indarrak gogor oldartu zaizkie Buteflikaren, Ahmed Ouyahia lehen ministroaren eta haren gobernuaren kontrako oihuak airera botatzen zituzten manifestariei, eta indarrez sakabanatu dituzte.

Segurtasun indarrek lagun andana atxilotu dute protestatan. Arrastatuen artean egon dira RCD Kultura eta Demokraziaren aldeko Elkarretaratzea oposizio alderdiko lau diputatu. Kabilia eskualdean indartsuenik den indar politiko honetako presidente Said Sadik bipil salatu du Aljeriako Giza Eskubideen Defentsarako Ligaren ohorezko presidentea den eta 90 urte dituen Ali Yahia Abdelenur berari ere egurra eman diola Poliziak. Said Sadi eta CNCD koordinazio buruez gain, Aljerko elkarretaratzean parte hartu du Ali Belhadj FIS Salbakuntzarako Fronte Islamikoko burukideak.

Polizia indarren oldartze bortitzaren ostean, manifestariak sakabanatu egin dira, eta Maiatzaren 1eko plazan zirkulazioa berrezarria zen arratsalde erditsurako.

Agintari iturrien arabera, hamalau lagun atxilotu zituen atzo Poliziak, eta aski laster askatu zituztela adierazi dute. Alabaina, RCDko diputatu Arezki Adierrek —bera ere arrastatu dute une batean— ziurtatu du «1.000 lagun baino gehiago atxilotu» dituela Poliziak eta polizia etxeak lepo beteta zeudela.

Istiluak, Tizi Uzun

Aljer hiriburuan ez ezik, manifestazioak izan dira Oran, Annaba eta Tizi Uzu hirietan ere. Bertako manifestariei ere gogor oldartu zaie segurtasun indarrak. Aljeriako Giza Eskubideen Defentsarako Ligaren datuen arabera, 70 lagun atxilotu dituzte Oranen, eta 30 inguru Annaban.

Kabiliako hiri handien Tizi Uzun, manifestari batzuek pneumatikoak erre dituzte, eta handik laster segurtasun indarrekin istilu gogorrak piztu dira. Polizia etxe bat ere inguratu dute protesta egileek.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.