Zortzi elkarteren eskaerei muzin egin die epaileak, eta argi berdea eman dio oihaneko hegoaldeko zatia suntsitzeko Parisen planari. Migratzaileak beste kanpaleku batera lekualdatzea proposatu du gobernuak, baina hainbat elkartek —Emmaus, Fnars, MSF Mugarik Gabeko Medikuek, besteak beste— salatu dute denentzako tokirik ez dagoela. Gainera, errefuxiatuek bizkar eman diote gobernuaren eskaintzari, izena ematea derrigorrezkoa baitute, eta uste baitute Erresuma Baturako bidaia oztopa diezaiekeela horrek.
Edonola ere, ebakuazioa ez da berehalakoa izango. Manuel Valls lehen ministroak iragarri du "beharrezko denbora" hartuko dutela "erantzun humanitario bat" emateko. Nord-des-Calais-Pikardia eskualdeko prefekturak jakinarazi du ez dituztela indarrean kanporatuko.
6.000 lagun inguru bizi dira egun Calaisko kanpalekuan, Mantxako kanala gurutzatzeko aukeraren zain. Bizi baldintza kaskarrak dira herrixkan, eta hainbat zonaldetan ez dute urik, ez argindarrik ez eta oinarrizko zerbitzurik ere. Hain zuzen ere, Lilleko auzitegiak Frantziako Gobernua kondenatu zuen migratzaileen baldintza kaskarrengatik.