Mundua

Calaisko kanpalekua husten hasi da Frantzia

Frantzian dauden 450 zentroetan zabaldu nahi dituzte Calaisko kanpalekuan dauden 7.000 migratzaile baino gehiago. Haien helburua Erresuma Batura iristea da, eta, haiekin lan egiten duten elkarteen ustez, botatzen badituzte ere, itzuli egingo dira Calais inguruetara. Nolanahi ere, migratzaileak bideratzeko prestatu duten gunean ilara luzeak direla hasi dute prozesua.

2016ko urriaren 24a
07:39
Entzun

Frantziako Gobernuak banan-banan erabaki nahi du Calaisen dauden migratzaileak nora eraman. Familiak diren, haurrak diren, gaixo dauden eta abar kontuan hartuta, toki batera edo bestera bideratuko dituzte. Gainera, Erresuma Batuan familia dutenei, hara joateko baimena emango diete. Sailkapena egiteko, gune berezi bat antolatu dute, eta hara joateko deia egin diete kanpalekuan dauden 7.000 lagun baino gehiagori. 08:00 aldean hasi dira migratzaileak horretarako prestatutako guneetatik pasatzen, eta autobusak prest ditu Frantziak, bete ahala lurraldean zabalduta dauzkan zentroetara migratzaileak bidaltzeko. Gaur 60 autobus aterako direla iragarri dute.

Gehienek ez dute pozik hartu berria. Izan ere, Erresuma Baturako ferryak eta autobusak Calaistik ateratzen dira, eta kanpalekuan dauden migratzaile gehienek hara iristeko xedea dute. Frantziako Gobernuak egiten duena egiten duela ere herri horren inguruetan gelditzeko asmoari eutsiko diotela diote askok. Horregatik, haiekin lan egiten duten elkarteek diote kanpalekua hustuta egoera okertu besterik ez dela egingo. Orain, ura eta jatekoa dituzte migratzaileek, eta, kanpalekua desegiten badute, hutsetik hasi beharko dute berriz.

François Hollanderen gobernuaren asmoa da migratzaileak Frantzian zabalduta dauzkaten 450 zentroetan banatzea, eta urtea amaitu aurretik egingo zutela iragarri zuen Hollandek. Pierre-Henry Brande Barne Ministerioko bozeramaileak azaldu duenez, ez dute indarkeria erabiltzeko asmorik, ezta kanpalekua husteko presarik ere. Gauzak lasai egin nahi dituztela dio, eta migratzaileak konbentzitu nahi dituztela berek eskaintzen dietena onartzeko. "Erresuma Batuko muga itxita dagoela esango diegu, eta mafiekin ez fidatzeko". Horretan aritu dira aurreko egunetan, eta badirudi lortu dutela jendea konbentzitzea. Ilaran dagoen jendearekin hasiko dira, baina, egunek aurrera egin ahala, Calais utzi nahi ez dutenekin topo egingo dute.

Atzo bertan, tentsio une handiak izan ziren oihana deitzen dioten kanpalekuaren inguruetan, migratzaileen eta poliziaren artean.

Izan ere, Frantziari arazo bihurtu zaio Calaisko kanpalekua, eta harresi bat eraikitzeko asmoa ere iragarri zuten irailean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.