Errefuxiatuen krisia

Calaisko kanpalekua hustu du Frantziak, sugarren artean

Pas-de-Calais departamenduko prefetak adierazi du egun osoan irekia egongo dela iheslariek izena emateko harrera gunea. Datu ofizialen arabera, 5.000 pertsonek onartu dute gobernuak proposatutako alternatiba.

Errefuxiatu bat, su hartutako txabolen ondoan. THIBAULT VANDERMERSCH / EFE
Adrian Garcia.
2016ko urriaren 26a
14:04
Entzun

Hiru egunetan hustu du Frantziako Gobernuak Calaisko kanpalekua, bertan bizi baldintza kaskarretan zeuden iheslarien ametsak behin-behinean apurtuz. Bidaia luzearen ondoren helmugatik kilometro gutxira zeuden; Mantxako kanala zeharkatzea besterik ez zitzaien falta Erresuma Batura iristeko. Pas-De-Calais departamenduko prefetak, Fabienne Bucciok, amaitutzat jo du "operazioa": "Ez dago inor kanpalekuan. Jende guztia dago babespean. Azken migratzaileak hartu ditugu". 6.500 eta 8.000 pertsona artean bizi ziren kanpalekuan. Bucciok emandako datuen arabera, 1.000 iheslariek uko egin diote gobernuak proposatutako zentroetan ostatu hartzeari. Giza eskubideen elkarteen datuen arabera, 2.000 lirateke gutxienez. Hainbat sutek atzeratu dute kanpalekuaren suntsiketa; lau pertsona atxilotu dituzte suteekin lotura dutelakoan. 

Frantziako migratzaileen eta errefuxiatuen gune handiena zen Calaiskoa. 2.000ko hamarkadatik migratzaileek kokaguneak ezarri dituzte inguru horretan, Erresuma Batura jauzi egiteko esperantzarekin. Azken urteetan, ordea, Ekialde Hurbileko gerrek eragindako iheslariak Europara jotzean bete egin da kanpalekua, eta 10.000 biztanle izatera iritsi da. Europaren krisia kudeatzeko ezintasunaren ispilu izan da Calais.

Laguntzarik gabe iritsitako adingabeenganako ganora faltak nabarmen utzi du Frantzia. Gobernuz kanpoko erakundeen arabera, 1.300 bat haur zeuden kanpalekuan. Eskolak, tabernak, jatetxeak ireki dituzte biztanleek, estatuak eskaini ez dizkien zerbitzuak euren kabuz antolatuz. 772 adingabek harrera zentroan izena eman dute, prefetak azaldu duenez. Beste 300 inguru Erresuma Batura eraman dituzte. Halere, Londresek esan du bakarrik herrialdean senideak dituztenak frogatu dezaketenak hartuko dituela. 

Kanpalekutik euren borondatez atera eta gobernuak ezarritako gunean izena eman dutenak 282 harrera zentroetara eramango dituzte, eta asiloa eskatzeko prozedura has dezakete. Ez dute argitu, ordea, zenbat denboraz hartuko dituzten zentro horietan.

 

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.