Cameronek esan du "ahal duen guztia" egingo duela Frantzia laguntzeko. Berak uste du bi herrialdeak mehatxu beraren menpe daudela eta Erresuma Batuak Sirian esku hartu behar duela. Horretarako, heldu den astean parlamentuan aurkeztuko du bere estrategia. Hala ere, lehen keinu gisa Cameronek Frantziari erabiltzen utziko dio Zipren duen base militarra.
Bilera egin dute Cameronek eta Hollandek gaur goizean, Parisko Eliseoan. Frantziako presidenteak adierazi du aire erasoak azkartu behar dituztela Sirian, bere lehentasuna "Estatu Islamikoa suntsitzea" baita. Horretarako, Estatu Islamikoari "min gehien" egiten dioten helburuei eraso egin behar zaiela uste du Hollandek.
Gaurtik aurrera, Charles de Gaulle hegazkinontzia Mediterraneoko ekialdean eragiteko prest dagoela baietzatu du Hollandek. Gainera, presidenteak azpimarratu du egiten ari diren bonbardaketek Nazio Batuen Erakundeko segurtasun kontseiluaren babesa dutela. Era berean, Siriako gatazka gainditzeko "batasun gobernu bat" sortu behar dutela esan du. Baina gobernu horretan Baxar al-Assad ezin daitekela "etorkizuna" izan, "haren herritarrak masakratzen lagundu duelako".
Bi herrialdeen arteko elkarlana "oraindik gehiago" indartzearen alde egin dute bi agintariek. Bereziki, inteligentzia zerbitzuetako informazio elkartrukea hobetu behar dutela uste dute. "Ados jarri behar dugu bidaiarien erregistro datuak trukatzeko arauak ezartzerako orduan. Ez da normala gar egun informazio gehiago jasotzea EBtik kanpoko herrialdeengandik Batasunekoengandik baino", adierazi du Cameronek.
Arma trafikoa ere mintzagai izan dute Eliseoan. Armen gaineko kontrola gogortu behar dela uste du Cameronek. "Ekidin behar dugu armak terroristen esku bukatzea".
Frantziako presidentea munduko hainbat agintarirekin bilduko da aste honetan, besteak beste, AEB, Errusia, Alemania, Eurpako Batasuna eta Nazio Batuen Erakundekoekin.