David Cameron Erresuma Batuko lehen ministroa prest dago Eskoziari independentziari buruzko erreferenduma eskaintzeko, The Guardian egunkariak argitaratu duenez. Baldintza: galdeketa datorren urte eta erdiren buruan egitea. Iturri haren arabera, Cameronek aste honetan bertan egingo dio proposamena Alex Salmond Eskoziako lehen ministroari.
Loteslea litzateke galdeketa, eta Eskoziak Erresuma Batuan segitu behar duen edo ez galdetuko lukete. Cameronek, antza, ez du Eskoziaren autonomia handitzeari buruzko itaunik nahi. Independentzia bai ala ez, horixe galdera.
Salmonden Eskoziako Alderdi Nazionalak lehendik iragarria du 2014an egin nahi duela independentziaren erreferenduma, eta uste du bere gobernuari dagokiola noiz egin erabakitzea eta besteak ez duela data zehazten hasi behar.
The Guardian-ek dio Cameronek ez duela balizko galdeketa luzatzerik nahi, horrek ekonomiari kalte egiten diolakoan.
Eskozia 1707tik da Erresuma Batuko parte.