Erresuma Batuan giroa baretzen ari da. Larunbatean istiluak hasi zirenetik bosgarren gaua, asteazkenetik ostegunerakoa, aurreko egunetakoa baino lasaiagoa izan zen. Dirudienez, David Cameron lehen ministroak polizia kopurua hirukoizteak esperotako eragina izan du, baina eguraldi kaxkarrak ere izan du zerikusirik—euri zaparradak izan dira—. Parlamentuan, berriz, gaiari buruzko lehen bilera izan dute, gertatutakoa aztertu eta datozen egunotan hartu beharreko neurriak aztertzeko.
Oraindik ez da dena lehengora itzuli, lapurretak eta txikizioak ez baitira guztiz amaitu, eta denda askok itxita jarraitzen dute, badaezpada. Baina, lekukoen arabera, kaleetan lasaitasuna nabari daiteke, eta Poliziak jakinarazi duenez, aurreko egunetan baino askoz ere dei gutxiago jaso dituzte. Birminghamgo erdigunetik pasatzen den errepidea, esaterako, ireki egin dute egunotan itxita egon ondoren, egoera lasaitzen ari denaren seinale.
Azken orduetan istilurik izan ez den arren, Birminghamgo kaleetan tentsio sentsazioa nabari da oraindik. Herenegun dendak zaintzen ari zirela auto batek harrapatuta hil ziren hiru lagunen harira, herritarrek errepresaliak hartzearen eta istiluak berriro piztuko diren beldur dira hiriko agintariak. Poliziak dagoeneko 32 urteko gizonezko bat atxilotu du hilketaren erantzulea delakoan, eta galdeketa egiten ari dira.
Boris Johnson Londresko alkatea ere zuhur agertu da azken gaueko baretasunaren harira, eta agintarien «pozaren» aurrean kontuz ibiltzeko ohartarazi du; «inork ez dezala pentsa arazoa bukatu denik edo honen aurrean pozarren gaudenik».
Istiluak hasi zirenetik, 1.500 lagun inguru atxilotu dituzte Erresuma Batuan, horietatik 900 baino gehiago Londresen. Gainerakoak West Midlands, Manchester eta Nottighamen atxilotu dituzte —330, 140 eta 105 lagun, hurrenez hurren—. Istiluetan parte hartzen ari zirela atzeman zituzten asko, baina beste asko segurtasun kamerek grabaturikoa aztertu ondoren atxilotu dituzte. Atzo bertan Poliziak sarekadak egin zituen Londresko hainbat auzotan,eta gutxienez ehun lagun espetxeratu zituzten. Hainbat epaitegik gauez ere lan egin dute epaiketa guztiak ahalik eta azkarren amaitzeko, eta dagoeneko ezarri dituzte lehen zigorrak —hamar eta hamasei urteko espetxe zigorra jarri diete bi laguni, istiluetan parte hartzeagatik—.
Parlamentuko bilera
Parlamentuak, bestetik, bere oporraldia eten behar izan du istiluen harira ezohiko saioa egiteko. Cameron irmo agertu da, eta argi utzi du Poliziari behar adina eskumen emango diola liskarrei aurre egiteko. «Munduari erakutsi behar diogu istiluen erantzuleek ez dutela gure herrialdea eta gazteria irudikatzen. Egin dutenagatik ordainduko dute».
Datozen egunetan egoera larrituz gero, berriz, armadari laguntza eskatzea ere ez du alde batera utzi; «nire erantzukizuna aukera guztiak aztertzea da. Aukera horien artean dago armadak zeregin batzuk bere esku hartzea, Poliziak eskuak libre izan ditzan».
Astebururako Poliziaren presentzia areagotuko duela iragarri du Cameronek, baina, aldi berean, Poliziari dagokion aurrekontua murrizteko intentzioa du. Lehen ministroaren asmoa polizien lanpostuak berrantolatzea da; haren arabera, bulegoan lan egiten duten 7.000 lagun inguru kalean lan egitera pasa daitezke, eta, modu horretan, aurrekontua murrizteak ez luke eraginik izango Poliziaren eraginkortasunean. Oposizioa, ordea, ez dago batere ados neurri horrekin, eta erabakia hartu aurretik bitan pentsatzeko eskatu diote laboristek. Londresko alkatearen ustez, ez da murrizketak egiteko une egokia.
Bestalde, Cameronek onartu du istiluak hasi zirenean kaleetan oso polizia gutxi zeudela, eta erabilitako taktikak porrot egin zuela. Hala, kalteak jasan dituzten etxebizitzen eta denden jabeei kalte-ordaina emango diela iragarri du.
Bandei aurre egiteko beharrariburuz ere sakon hitz egin dute parlamentuan. Cameronen hitzetan, banden aurkako borroka izango da gobernuaren lehentasunetako bat;«gaizkile talde» horiek azken egunotako eraso askoren atzean daudela erakusten duten froga garbiak daude haren arabera.
Galera ekonomiko larriak
Lau eguneko istiluek ez dituzte nolanahiko ondorioak utzi Erresuma Batuko kaleetan. Alde batetik, txikizio guztiak konpondu beharko dituzte, eta, bestetik, egun hauetan dendak itxita edukitzeagatik izan dituzten galerei egin beharko diete aurre. Adituen arabera, txikizioak konpontzeko 170.000 euro beharko dituzte, eta egunotako galerak, berriz, 92.000 euro ingurutan kokatzen dituzte. Denda txiki askok ezingo dute berriro ireki, ez baitira gai gastuei aurre egiteko.
Erresuma Batua. Protestak
Cameronek polizia gehiago jarriko ditu asteburuan, giroa baretzen ari bada ere
Parlamentuak bere oporraldiak eten ditu egunotako istiluak aztertu eta hartuko dituzten neurriez eztabaidatzekoDagoeneko 1.500 lagun inguru atxilotu dituzte; lehen zigorrak ezarri dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu