Camorrarentzat lan egiten zuten 16 epaile atxilotu ditu Italiako Poliziak Napolin

Fabbrocino klanarekin lotura dutelakoan, 47 lagun atxilotu dituzte, eta mila milioi euroren ondasunak atzeman

Erredakzioa
2012ko martxoaren 20a
00:00
Entzun
Italiako Finantza Guardiak operazio handia egin du Camorraren diru zuriketaren aurka Napoliko probintzian. Guztira 47 lagun atxilotu dituzte —tartean, zerga alorreko hamasei epaile—, eta beste hamahiru laguni herrialdea uzteko debekua ezarri diete. Finantza Guardiaren arabera, Fabbrocino klanaren diru zuriketekin zerikusia zuten atxilotuek. Espetxean sartu dituzte 22 lagun, beste 25 etxeko atxiloaldian dauzkate, eta mila milioi euroren ondasunak atxiki dituzte.

Atxilotutako hamasei epaileek bi soldata jasotzen zituzten, Finantza Guardiaren arabera. Bata Italiako Estatuarena, zerga alorreko epaile gisa zegokiena; eta bestea, Camorrarena. Atxilotuen artean, eraikuntzako eta ostalaritzako enpresariak eta izen handiko abokatu bat ere badaude. Guztiak Camorraren diru zuriketarekin nahastu dituzte. Izan ere, finantza alorreko Poliziak uste du epaileek Fabbrocino klanaren agindupean aritzen zirela: Finantza Guardiak ordainagiri faltsuak eta zerga iruzurrak atzemanez gero, enpresariek helegitea jartzen zioten isunari, eta epaileek arrazoia ematen zieten.

Finantza Guardiak adierazi du Camorrak ordainagiri faltsuen sare bat osatua zuela legez kanpoko jardueretan lortutako dirua zuritzeko. Eta dirua, behin zuritua, Liechtenstein, Luxenburgo, Suitza eta Belgikako bankuetara bidaltzen zuten gero.

Mafiarekin lotuta talde kriminaleko kide izatea, legez kanpoko zereginetako dirua garbitzea eta jardun judizialean modu ustelean jokatzea egotzi die Poliziak atxilotuei, besteak beste. Mafiaren aurkako Zuzendaritzako fiskalek eta Finantza Guardiak bat eginda jardun dute Napoliko Camorraren aurkako operazioan.

Silvio Berlusconiren ondoren, Mario Montik hartu zuen Italiako Presidentetza, eta ordutik Finantza Guardiak gogortu egin du krimen antolatuaren kontrako jarduna. Berriki finantza alorreko poliziaburuekin ere bildu zen Monti, eta Italiako presidente gisa babesa agertzeaz gain, krisi garaian mezu argi bat bidali zien herritarrei: zerga iruzurraren aurkako borroka saihestezina da, berdintasun kontua. Norberak dagokiona deklaratzen badu, ogasunak gutxiago estutu beharko du herritar bakoitza.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.