Camps eta Costa errugabeak direla ebatzi du herri epaimahaiak Valentzian

Eroskeria delitutik absolbitu dituzte, opariak jaso zituztela esateko «behar adina frogarik ez dagoelako»

Erredakzioa
2012ko urtarrilaren 26a
00:00
Entzun
Francisco Camps Valentziako Generalitateko presidente ohia eta Ricardo Costa Valentziako PPko idazkari ohia errugabeak direla ebatzi du herri epaimahaiak. Gurtel auzian opari gisa zenbait traje jaso zituztela esateko «behar adina frogarik ez dagoela» adierazi dute, eta, beraz, eroskeria delitutik absolbitzen dituztela.

Epaileak Campsen eta Costaren errugabetasunaren ebazpena irakurri duenean auzitegian bilduta zegoen jendea txaloka hasi da, eta auzi gela husteko agindua eman dute. Campsek irribarretsu entzun du ebazpena; Costak, berriz, serio. Epaimahaiko bederatzi kideren bost boto nahikoa izan dira PPko bi kideak absolbitzeko. Errudun zirela esateko, zazpiren boza beharrezkoa zen.

Valentziako Auzitegi Gorenean helegitea jar dezake orain akusazioak, eta bertan epaia berresten badute, Espainiako Auzitegi Gorenera jo dezakete, nahiz eta Valentziako Auzitegi Goreneko iturriek azaldu duten ebazpena aldatzea «zaila» izango dela.

Valentziako Generalitateko presidente Alberto Fabrak pozez jaso du berria, eta amesgaizto baten amaiera dela nabarmendu du. Salaketek Valentziaren eta bertako erakundeen «izen ona zikindu» dutela ere esan du. Uztailean hartu zuen Fabrak Campsen lekukoa, akusatuen aulkian eseri behar zuela jakindakoan dimisioa eman baitzuen hark. Oposizioko alderdiek bestelako iritzia dute. Angel Luna Valentziako gorteetako PSOE alderdi sozialistaren presidenteordeak esan du erabakiak ez duela harritu, hutsa hasieratik egin delako. Lunak zentzugabekeriatzat jo du jantzien kasua auzi solte gisa epaitu izana. Marga Sanz EU Esquerra Unidako koordinatzailearen ustez, berriz, Camps zigortu ez izanak ez du esan nahi «etikoki eta politikoki arbuiagarria» ez denik.

Ustez kontratu publikoak lortzeko politikariak erosten zituen Gurtel auzian opari gisa trajeak onartzea egozten zieten Campsi eta Costari. Akusazioaren arabera, Campsek 13.121 euroren truke erosi zituen jantziak, eta Costak, berriz, 10.075 euroren truke. Epaimahaiak adierazi duenez, baina, ezin izan dute frogatu jantzi horiek Gurtel auzian nahasita daudenek ordaindu zituztenik.

Valentziako PPk ustez legez kanpo finantzatzeagatik erantzun behar du, oraindik, Madrilgo Auzitegi Gorenean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.