Capriles: "Aurkariak izan ginen; inoiz ez etsaiak"

Heriotzaren berri izan eta ordu gutxira, doluminak eta elkartasun mezuak Amerika osotik iritsi dira.

2013ko martxoaren 6a
08:01
Entzun

Rafael Correa (Ekuadorko presidentea): "Nire lagun maitatuak inoiz baino biziago jarraituko du".

Henrique Capriles(Venezuelako oposizioko burua): "Aurkariak izan ginen; inoiz ez etsaiak [...] ulertzen dugu presidentearen familiaren, haren kideen eta venezuelar askoren oinazea; haiei gure dolumina".

Barack Obama (AEBetako presidentea): "Venezuelak bere historian atal berri bat zabaltzen duen honetan, AEBek berretsi egiten dute printzipio demokratikoak, zuzenbide estatua eta giza eskubideen errespetua sustatzen dituzten politikekiko konpromisoa. AEBek babesa berresten diote Venezuelako herriari, eta Venezuelarekin harremana lantzeko eta garatzeko nahia du".

Juan Manuel Santos (Kolonbiako presidentea): "Bere konpromisoari esker lortu dugu aurrerapausoak ematea FARCekin. Egin diezaiokegun omenaldirik onena hark izan zuen ametsa betetzea da: gatazkaren amaierarako akordio bat adostu eta Kolonbia bakean ikustea".

Kolonbiako Indar Armatu Iraultzaileak (FARC): "Hain albiste txarrak sortzen digun izuak ez digu galarazten Venezuelako herriak duen oinaze handia senidetasunez eta elkartasunez besarkatzea".

Kubako Gobernua: "Chavez kubatarra ere bada. Bere larruan sentitu izan zituen gure zailtasunak eta arazoak, eta ahal zuena egin zuen, eskuzabaltasun handiz. Fidel lagundu zuen benetako seme baten antzera, eta Raulekin izan zuen laguntasuna ederra izan zen".

Sebastian Piñera (Txileko presidentea): "Garbi dago gure artean desberdintasunak bazirela, baina beti miretsi nuen Chavezek bere ideiengatik erakusten zuen indarra eta konpromisoa. Esan nahi dut Latinoamerikaren batasunaren alde konpromiso handia izan zuen pertsona izan zela".

Ban Ki-moon (NBEko idazkari nagusia): "Doluminak eman nahi dizkiot Chavezen familiari, eta Venezuelako herriari eta gobernuari".

Enrique Peña Nieto (Mexikoko presidentea): "Sentitzen dut Hugo Chavezen heriotza, doluminak familiari eta Venezuelako herriari. Bakean bego".

Ollanta Humala (Peruko presidentea): "Besarkada bat eman nahi diogu Hugo Chavezen familiari, eta gure elkartasun bolivartarra, hego-amerikarra eta latinoamerikarra eman. Une zail hauetan, batasuna eta gogoeta opa diegu, gauzak modu baketsuan gerta daitezen, bide demokratikoen barruan".

Dilma Rousseff (Brasilgo presidentea): "Heriotza honek latinoamerikar guztiok atsekabetzen gaitu; hutsune bat utziko du gure bihotzetan, historian eta borrokan".

Evo Morales (Boliviako presidentea): "Egin diezaiokegun omenaldirik onena batasuna eta batasuna da, duintasuaren alde borrokatzeko batasuna, gure askatasunaren alde borrokatzeko batasuna, munduko herrien alde lan egiteko batasuna".

Jose Mujica (Uruguaiko presidentea): "Sinesten dut Venezuelako herriarengan, haren gobernuarengan eta Chavezek eraiki zuen demokraziaren indarrean".

Mauricio Funes (El Salvadorko presidentea): "Venezuelak ez du soilik presidente bat galdu, baizik eta patriota bat, pentsamendu eta ekintza transformatzaileak zituen pertsona bat, herriarentzat gobernatu zuena, bera gobernura iritsi aurretik Venezuelako herriak jasaten zuen desberdintasun eta bazterketa errealitatea aldatu zuena".

Rosario Murillo (Nikaraguako presidentea): "Ezohikoa izan zen, inoiz hiltzen ez diren hildako horietakoa".

Laura Chinchilla (Costa Ricako presidentea): "Desio dugu Venezuelako herriak behar duen indarra izan dezan eta batasun nazional sentimendua, garai zail honetan, nagusitu dadin".

Manuel Zelaya (Hondurasko presidentea): "Komandantea mila borrokaren oinordekoa da, eta hemen, Latinoamerikako herrietan, arrasto sakona utzi du, eta inoiz hilko ez direnen artera pasa da, herriaren bihotzean dagoelako".

Jose Manuel Insulza (OEAko idazkari nagusia): "Min handiko trantzea da hau venezuelarrentzat, eta inguruko herri guztiak eurekin gaude".

Stephen Harper (Kanadako lehen ministroa): "Dolumina agertu nahi dut. Kanada prest dago haren ondorengoarekin lan egiteko kontinente aberatsagoa, seguruagoa eta demokratikoagoa eraikitzeko".

Patrick Ventrell (AEBetako Estatu Idazkaritzaren bozeramailea (heriotzaren berri jakin aurretik): "Ez du zentzurik esateak AEBek zerikusirik izan dutela Hugo Chavezen gaixotasunean, eta deitoratu egiten dugu".

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.