Eguna hasterako klaxonak joka hasten dira Caracasen, eta gaur bikoiztu egin da soinua, goiz-goizetik. Gaurko eguna bereziki izango da burrunbatsua hemen, zenbat eta soinu gehiago atera, hobea da-eta kalea norena den erakusteko. Henrique Capriles oposizioko hautagaiak urriko 7ko hauteskundeetan 6,6 milioi boto jaso bazituen ere, -Chavezek 8,2 milioi- , ez dauka chavistek mugitzeko duten gaitasun eta boterea, askoz isilagoa da oposizioa, eta hori bereziki nabarituko da gaur. Egun handia dute gorriek, Venezuela osotik autobusetan etorriko da jendea, Caracaseko zazpi etorbide betetzera, kanpainari itxiera emateko.
Chavezekin urriaren 4an elkartu zuten jendetza berdindu nahi dute, hiria kolapsatu. “Zazpi etorbideak beteko ditugu, mutur batetik bestera, Chavezekin egin genuen urrian 4ko hura gogoratzeko”, NIcolas Maduro Chavezen oinordekoak esan bezala. Urrian 4koa da Chavezek eman zuen azken mitina, eta jendeak oso gogoan dauka. Dramatismo berezia ematen dio gainera, egun hartan euria gogotik ari baitzuen, eta zerua goibel zegoen.
Henrique Caprilesek Meridan egin du bart kanpainako azken ekitaldi handiena, eta kaputxadun batzuek hamalau zauritu eragin zituzten. “Entxufatuei” leporatu die gertatutakoa, “gobernuaren zerbitzariei”. Gobernua berehala atera da esatera oposizioko indarrek egin dutela gobernua zikintzeko.
Dena ez baita festa Venezuelako kanpainan. Oso gogorra izaten ari da bi aldeen arteko ika-mika. Oposizioak dagoeneko mehatxu egin du ez dituela emaitzak onartuko, CNE Hauteskundeen Batzorde Nazionaleko bost kideetatik lau gobernuaren aldekoak direla argudiatuta, eta dagoeneko irregulartasunak salatu ditu prozesuan. Igandea eta gero giroa gaiztotzeko arrisku handia dago.