Caracasentzat, «partziala» da NBEren txostena, eta «hutsegite larriak» ditu

Michelle Bacheleten arabera, Venezuelako segurtasun indarrek 6.800 pertsona exekutatu dituzte iazko urtarrila eta aurtengo maiatza artean. Guaidoren ustez, venezuelarren «sufrikarioa» jasotzen du

Oposizioaren jarraitzaileak eta Venezuelako segurtasun indarretako kideak borrokan, Caracasen, joan den urtarrilaren 23an. MIGUEL GUTIERREZ / EFE.
Igor Susaeta.
2019ko uztailaren 6a
00:00
Entzun
NBE Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen Batzordeak txosten oso gogor bat kaleratu du Venezuelako Gobernuaren aurka. Michelle Bachelet erakundearen agentziaren goi mandatariak osatu du, eta ondorio nagusia da Nicolas Maduroren gobernuak «eskubideen urraketa larriak» egiten dituela. Atzo plazaratutako txostenaren arabera, esaterako, segurtasun indarretako kideek 6.800 bat pertsona exekutatu zituzten iazko urtarrila eta aurtengo maiatza artean, «autoritateari erresistentzia» egiteagatik. Bacheleti iruditzen zaio, gainera, ez dagoela botere banaketarik, eta agintari chavistek zuzenbide estatua «higatu» dutela. Hori guztia dela eta, eskaera bat egin dio Madurori: «Neurri zehatzak har daitezela urraketa larriak eteteko eta konpontzeko». Caracasek, ordea, txostena kritikatu zuen atzo. William Castillo Atzerri Gaietarako ministrordeak nabarmendu zuen «partziala» dela, «hutsegite larriak» eta «ikuspegi selektiboa» dituela, eta ez daukala «zorroztasun zientifikorik».

Castillok argudiatu zuenez, NBEren teknikariek Venezuelatik kanpo egin zituzten txostena osatzeko egindako 558 elkarrizketetatik 460. Bacheletek ordu batzuk lehenago Genevan NBEren egoitzan egindako agerraldian azaldu zuenez, Argentinara, Brasilera, Txilera, Kolonbiara, Ekuadorrera, Mexikora, Perura eta Espainiara migratu edo erbesteratu zirenekin egin zituzten 460 elkarrizketa horiek.

NBEk hamabost urte zeramatzan Venezuelan giza eskubideek zer-nolako osasuna duten baloratu gabe. Bachelet joan den ekainaren 19tik 21era izan zen han, eta Madurorekin mintzatu zen. Goi mandatariak txostenean jasotzen duenez, adierazpen askatasuna eta elkartzeko eta parte hartzeko eskubidea errepresioarekin zigortzeko «arriskuan» daude. 2014tik iaz arte Txileko presidentea izan zenak sistema judiziala jarri du jopuntuan: «Ministerio Publikoak erregularki ez du bete gertakarien erantzuleak ikertzeko eta auzitara eramateko duen betebeharra». Exekuzioez ari da puntu horretan. «Ez fiskaltzak, ez Arartekoak, ez gobernuak, ez Poliziak ez dituzte babesten biktimak eta giza eskubideen urraketen lekuko izan direnak».

Horri dagokionez, Castillok uste du helburua dela estatuak «babesgabe» jarraitzea «segurtasun nazionalerako arrisku serioak daudenean, herritar zibilen artean sarraskia proposatzen duten estatu-kolpe saiakerak daudenean; are, Trump presidenteak [Donald, AEBetakoa] atzerriko esku hartze militar bat planteatzean».

Krisi humanitarioa ere hizpide du Bacheletek. Iruditzen zaio Venezuelari ezarritako zigor ekonomikoak «selektiboak» direla, 150 bat goi kargudunen aktiboei eragiten dietela batez ere. «Venezuelako ekonomia, bereziki petrolio industria eta eligaiak ekoizteko sistemak, krisian zeuden zigor sektorialak ezarri aurretik».AEBak 2015ean hasi ziren Venezuela zigortzen —Trumpek zigor horiek gogortu zituen duela bi urte—, eta 2017an hasi zen EB Europako Batasuna. Caracasek atzo zehaztu zuenez, Venezuelaren kontrako blokeo ekonomiko «ilegalak, kriminalak eta moralgabeak» herritarren egunerokoari eragiten dio, eta NBEren txostenak ez dio horri jaramonik egiten. Bacheleten ustez, baina, Venezuelan krisi ekonomikoa daukate «baliabideen desbideraketengatik, ustelkeriagatik eta azpiegitura publikoetan mantenu lanak ez direlako egiten».

Errusiaren laguntza militarra

Juan Guaido oposizioko buruaren iritziz, txostenak venezuelarren «sufrikarioa» erakusten du. Joan den urtarrilaren 23an bere burua Venezuelako presidente izendatu zuenak martxa batera deitu zuen Maduroren «diktaduraren» kontra; atzo egin zuten, hiriburuan.

Bestalde, Sergei Riabkov Errusiako Atzerri ministrordeak atzo adierazi zuen konpromisoa dutela Errusiak eta Venezuelak daukaten «harreman adiskidetsua» garatzen jarraitzeko: «Indarrean dauden harremanen markoan, herrialde horretako indar militarren gaitasuna indartuko duten ekintzak egingo ditugu», azpimarratu zuen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.