Bihar BERRIA-n

Carles Puigdemonti eginiko elkarrizketa argitaratuko du bihar BERRIAk

Kataluniako presidente kargugabetuari elkarrizketa egin zion, atzo, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendariak, Waterloon (Belgika), Kataluniako Errepublikaren Etxean. Datorren asteartean, Midas elkarteko 18 egunkarik argitaratuko dute elkarrizketa, 12 hizkuntzatan.

Carles Puigdemont Kataluniako presidente kargugabetua. BERRIA
2018ko urriaren 30a
07:15
Entzun

Carles Puigdemont Generalitateko presidente kargugabetuak Kataluniako egoeraz hausnartu du BERRIAri eman dion elkarrizketan. Hainbat gai izan ditu hizpide: prozesu subiranistak azken urtean izan duen bilakaera, nazioarteko komunitatearen jarrera, alderdi independentisten batasuna, buruzagi independentisten aurkako epaiketa, Pedro Sanchezen gobernuaren jarrera, hauteskundeak...

Hona Puigdemontek elkarrizketan egindako adierazpen batzuk:

- "Gauza gehiago egin ditugu ondo, gaizki baino [azken urtebetean]. Gaur Katalunia subjetu politiko bat da, eragile politiko bat da, Europako agendan dago, munduan ezaguna da. Orain arte ez da izan".

- "Eredugarri gara, [prozesu subiranista] bakean egin nahi dugulako; hori berria da. Eta, gainera, autodeterminazioaren eskubidearen kontzeptua berritzen ari garelako. Ezin da bakarrik izan deskonolizazio kasuetarako, nahiz horrela izan den historikoki".

- "Estrategia oso bat dago zigor txikia oparia dela sinetsarazteko. Kontuz horrekin. Absoluzioa bakarrik onartuko dugu. Azenario asko egongo dira, baina ezin gara fidatu; kontuz azenarioekin. Duela urtebete matxinada akusazioa txalotzen zutenek esango dute orain ez dagoela matxinada?".

- "[Errepublikako Kontseilua] Ez da erakunde publikoa izango, eta Katalunian bertan egin eta esan ezin direnak kanpoan egingo eta esango ditu independentziara iristeko. Aurreneko fasean, bakarrik legebiltzarreko kideek osatuko dute, eta bigarren fasea abenduraren 8an aurkeztu eta xehetuko dugu, hautetsiek Belgikan egingo duten batzar handi batean".

Elkarrizketa osorik argitaratuko du bihar BERRIAk, baina hedabide gehigotan ere publikatuko da. Datorren asteartean, Midas Hizkuntza Minorizatu eta Eskualdekoen Europako Egunkarien Elkarteko 18 hedabidek argitaratuko dute elkarrizketa, 12 hizkuntzatan.

Puigdemontek Errepublikaren Kontseiluaren egoitzan hartu zuen, atzo, Martxelo Otamendi BERRIAko zuzendaria: Waterloon, Kataluniako Errepublikaren Etxean. Hain justu, Errepublikaren Kontseilua gaur aurkeztu du Crida Nacionalek, Bartzelonan egin duen ekitaldian.

 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.