KATALUNIAKO PROZESU SUBIRANISTA

Carme Forcadell, Kataluniako Parlamentuko presidente

Junts Pel Si zerrendaren hautagaiak 77 boto eskuratu ditu; zerrenda horrek eta CUPek dituzten parlamentariek baino bost gehiago. Gehiengo independentista duen parlamentua osatu dute.

Carme Forcadell txalo artean hartu dute parlamentariek presidente izendatu berritan. QUIQUE GARCIA / EFE
2015eko urriaren 26a
07:18
Entzun

Irailaren 27ko hauteskundeetako emaitzetatik sortutako parlamentua osatu dute gaur Katalunian; 62 parlamentari ditu Junts Pel Sik, 25 Ciutadansek, 16 PSCk, 11 Catalunya Si que es Potek, 11 PPk eta 10 CUPek. 135 parlamentariak gaur eseri dira aurrenekoz beren eserlekuetan, eztabaidaren ardatzean estatu independentea osatzeko prozesua dagoela.

Adin mahaia osatuz ekin diote legealdiari, eta parlamentuko presidentea aukeratu dute gero. Ondoren, bi presidenteordeak hautatzeko bozketa egin dute, eta gero, lau idazkariak aukeratzeko eman dute botoa. Parlamentuko presidente izateko, hautagai batek gehiengo absolutua lortu behar du; 68 parlamentariren babesera aise iritsi da Carme Forcadell; 77 boto izan ditu alde, 57 kontra, eta boto baliogabe bat ere izan da. Esanahi sinbolikoa badu izendapenak, ANC Kataluniako Biltzar Nazionaleko presidente izan zelako Forcadell, eta, kargu horretan zela, sezesio prozesua abiatzeko eskatu ziolako Kataluniako Parlamentuari 2012an.

Lluis Corominas izendatu dute parlamentuko lehen presidenteorde, eta Jose Maria Espejo-Saavedra bigarren presidenteorde. Ganbera osatuta, parlamentuko presidentea talde politikoekin jarriko da harremanetan, Kataluniako Gobernuko presidentea aukeratzeko proposamen bat zehazte aldera. Inbestidura bilkura hamar eguneko epean deitu beharko du.

1980az geroztik, Heribert Barrera (1980-1984), Miquel Coll i Alentorn (1984-1988), Joaquim Xicoy (1988-1995), Joan Reventos (1995-1999), Joan Rigol (1999-2003), Ernest Benach (2003-2010) eta Nuria de Gispert (2010-2015) izan dira parlamentuko presidenteak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.