Hamabi suizidak gorputzera itsatsita zeramatzaten lehergailuak eztandarazi zituzten iragan maiatzaren 16an Casablancako bost gunetan. Suizidez gain, beste 33 lagun hil ziren atentatu horien ondorioz.
23 urteko Mohamed El Omari, 27ko Raxid Jalil, 22ko Jassine Lahnech eta Hassan Taousiri ezarri diete heriotza zigorra. Haietatik hiru (El Omari, Jalil eta Taousi ) atentatugile suizidak zirela ebatzi du tribunalak, baina ezin izan zutela erasoa aurrera eraman. Halaber, Taousi Salafia Jihadia taldeko buruzagietako bat dela.
Marokoko Gobernuaren arabera, "islamismo integrista" bultzatzen du Salafia Jihadiak, eta AEBek eta juduek Marokon dituzten interesak kaltetzea da haien helburu nagusietako bat. Iturri horiek azaldu dutenez, hiri handietako auzo behartsuetan ditu jarraitzaile gehien talde horrek, eta Saudi Arabiak bultzatzen ditu.
Maroko
Casablancako atentatuekin zerikusia dutelakoan epaitutako lau laguni heriotza zigorra ezarri die Marokoko Justiziak
Maiatzaren 16an 45 lagun hil ziren Salafia Jihadia taldeak Marokoko Casablancako hirian egin zituen bost atentatutan. Auzi horretan gogor jokatu dute hasieratik Marokoko Gobernuak eta Justiziak: erasoak gertatu eta berehala jende ugari atxilotu zuten, eta guztira 87 lagun epaitu dituzte Salafia Jihadiarekin harremana dutelakoan. Haietatik lauri heriotza zigorra ezarri diete. Gainerako 83ei, berriz, hamar hilabete eta bizi osoa bitarteko espetxe zigorrak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu