Gidoia betetzen ari da Perun. Jakina zen emaitzak estuak izango zirela presidentetzarako bozetan, eta galtzaileak iruzurra salatuko zuela. Botoen %94,9 zenbatuta daudela, Pedro Castillo sindikalistak 98.000 bozka ateratzen dizkio Keiko Fujimori eskuin muturreko hautagaiari, eta azken horrek «herriaren nahia zapuzteko asmo argia» dagoela adierazi du.
Herritarrei eskatu die Fujimorik «iruzurraren» inguruko bideoak zabaltzeko sare sozialetan. Pera Aske alderdiko Castillok botoen %50,28 ditu oraingoz, eta Herri Indarra alderdiko Fujimorik, %49,71.
Hauteskunde batzordera 83.386 boto agiri bidali dituzte, zuzenak diren edo akatsen bat duten aztertzeko.
Oraindik zenbatzeko daude 3.102 agiri, hau da, botoen %3,58. Batez ere, atzerrian emaniko botoak eta herrialdeko landa eremu bazterrenetakoetatik heldutakoak. Lehenak, Fujimoriren aldekoagoak izatea espero dute adituek, eta bigarrenak, Castilloren aldekoagoak.
Fujimorik esan du baikorra dela, emaitzak «parekatuko» direlakoan atzerriko bozkekin. Eta, halere, iruzur salaketei eutsi die.
Castillok, berriz, «bakea eta zuhurtasuna» eskatu du, eta bere jarraitzaileen «ausardia» goraipatu du. Izan ere, hauteskunde batzordearen aurrean gaupasa egiten ari dira, Liman.
«Ez gara nekatuko betikoa esaten: herriak bakarrik salbatuko du herria», adierazi die jarraitzaileei.