Janek joan den ostiralean utzi zuen kargua, eta haren atzetik Albert Batlle Mossoen buruak eman zuen dimisioa, astelehen honetan. Bi horiek kargua utzi ondoren, gauza bera egin du Frederic Adan CAT 112ko buruak.
Joaquim Forn da Barne kontseilari berria, eta Adanek atzo esan zion bera ere kargua uztekoa dela. Janerenganako leialtasuna argudiatu du Adanek, arrazoi pertsonal eta profesionalez gain. Gainera, kontseilari berriari bere konfiantzazko taldea osatzeko erraztasunak eman nahi dizkiola ere esan dio. Oraingoz ez dute izendatu 112ko arduradunaren ordezkorik.
Urriaren 1ean egitekoak diren galdeketara bidean, erreferendum horretan eragina duten sail garrantzitsuetako arduradunak aldatu zituen Carles Puigdemont Kataluniako presidenteak, eta kargu aldatze horien soka dira egunotako dimisioak.
Hautetsontzien erosketa
Urriaren 1ean egitekoa duten galdeketarako hautetsontziak erosteko prozedura berriz abiatu du Generalitateak, bestalde. Oriol Junquerasen sailaren esku —Presidenteordetza— geldituko da orain. Gobernuak aztertu egin nahi ditu "ibilbide orri" diferenteak, hautetsontzi horiek erosi ahal izateko. Legea errespetatuz aritu nahi duela esan du Jordi Turull Generalitateko ordezkariak, baina xehetasunik eman gabe.
Ekainean, gobernuak azaldu zuen hautetsontziak erosteko lehiaketa itxi zuela, ez zelako enpresarik aurkeztu, edo aurkeztutako enpresek ez zituztelako beharrezko dokumentu guztiak aurkeztu. Hutsik geratu zen lehiaketa, eta orain arazoa bideratu nahi du Generalitateak. Espainiako Gobernuak hautetsontziak egiten dituzten enpresei presio egin diela ere salatu zuen orduan.
Horrez gainera, Turullek jakinarazi du gobernuak batzorde berezi bat sortuko duela, erreferenduma gauzatu bitarteko urrats guztien jarraipena egiteko.