Iraileko hauteskunde orokorren aurretik egin beharreko azken hauteskunde federalak ziren atzokoak Alemaniako Saxonia-Anhalt landerrean, eta, horrenbestez, garrantzitsuak ziren uda osteko hitzorduaren aurretik alderdiek duten tenperatura neurtzeko. Eta, inkestek aurreikusitako gorabeheren gainetik, erraz irabazi ditu CDU Batasun Kristau-Demokrata alderdiak, botoen %37,1 eta 40 diputatu eskuratuta. Azken 19 urteetako emaitzarik onenak izan dira CDUrentzat Alemania ekialdeko estatu federatuan.
AfD Alemiarentzako Alternatiba alderdi ultraeskuindarra izan da, haren atzetik, bozkatuena. Inkestek CDUren parean kokatzen zuten, eta zenbaitek lehen indarra izango zela ere bazioten. Azkenean, ordea, ez du halako babesik izan, eta 2016ko bozetan baino aldeko boto gutxiago jaso du: %20,8. 23 eserleku izango ditu Magdeburgoko parlamentuan.
SPD Alderdi Sozialdemokrata hirugarren indarra izan da, botoen %8,4rekin, eta landerrean inoiz izandako emaitzarik kaxkarrena izan da alderdi horrentzat. FDP Alderdi Liberala —%6,4ko babesa— eta Berdeak —%5,9ko babesa— soilik geratu dira haren atzetik, parlamentuan ordezkaritza lortu duten alderdien artetik.
Gehiengo osorik ez du eskuratu CDUk, baina Reiner Haseloff alderdiko hautagaia izan denak eta landerreko lehen ministroak ez luke arazorik izan behar gobernua osatzeko, horretarako hiru modu, gutxienez, badituelako, eskuin muturrarekin egin dezakeen aliantza kontuan hartu gabe. Azken legealdian CDUk eta SPDk osatutako gobernu koaliziora batu ziren Berdeak —Kenia izena eman zioten aliantzari, hiru alderdien koloreak herrialde horretako banderaren berberak direlako—. Koalizio hori errepikatu dezake oraingoan ere CDUk, baina indarra hartzen ari den aukera da Berdeen ordez FDP ekuazioan sartzea. FDP eta Berdeak alderdiekin gobernua osatzea ere bada aukera bat, SDP kanpo utzita, baina ez du hain egingarria ematen.
Edozein kasutan, «zentroko» gobernu bat hitzeman du Haseloffek kanpainan, eta baztertu egin du AfDrekin akordiorik egitea. Eskuin muturrarekin «inolako kolaboraziorik» ez duela egingo esan izan du, eta «alderdi demokratikoek» soilik gobernatu ahalko dutela Saxonia-Anhalten. Alderdiaren barruan bada AfDrekin negoziatzearen aldekoagoa den ildo bat ere, ordea. Max Otte ekonomialaria da korronte horren aurpegi ezagunenetako bat. Angela Merkel kantzillerak azken urteetan migratzaileen aferan eta Europako Batasuneko politiketan izan duen jokabideraekin kritikoa da. Ez da bakarra, gainera. Saxonia-Anhalt landerrean bertan, Haseloffek bere gobernutik kanporatu zuen Holger Stahlknecht ministroa, hark koalizio gobernua auzitan jarri eta gero. CDUk gutxiengoan gobernatzearen alde zegoen Stahlknecht, aurrez AfDrekin negoziatuta.
Eskuin muturrak Alemanian duen gotorleku nagusietako bat da Saxonia-Anhalt, eta azken urteetan indarra hartu du bertan AfDk. Alemaniako ekialdean du indar gehien alderdi horrek. Izan ere, hango eskualdeetan biztanleen bizi maila herrialdeko beste lekuetakoa baino baxuagoa da, oro har, eta herritar askok alde egin dute inguru horietatik, mendebaldera joateko. Egoera horrek lagunduta, hango herritarrak bigarren mailakoak direla eta alderdi tradizionalek ez dituztela aintzat hartzen dioen diskurtsoa hedatu du eskuin muturrak.