Alemania

CDUk ezohiko bilera egingo du, eskuin muturrarekin bat egin izanak eragindako krisia argitzeko

Alderdiko buru Annegret Kramp-Karrenbauer Turingiara joan da CDUren hango arduradunarekin hitz egiteko.

Angela Merkel, Alemaniako kantzilerra. FILIP SINGER, EFE
arantxa elizegi egilegor
2020ko otsailaren 7a
11:24
Entzun

Turingiako landerrean gertatutakoak krisia eragin du, ez bakarrik eskualdean, baita Alemania osoan ere. Angela Merkel kantzilerraren CDU alderdian argi geratu da bi ikuspegi oso desberdin dituztela zuzendaritza nagusian eta eskualdean. Turingiako CDUk, alderdiaren marra gorriei entzungor egin, eta eskuin muturreko AfDrekin batera bozkatu zuen landerreko gobernuburu berria aukeratzeko orduan.

Gertatuak Angela Merkel kantzilerra haserrearazi zuen. Gobernuburuak «barkaezina» iritzi zion atzo gertatutakoari; izan ere, eskuin muturrarekin edo ezkerrarekin aliantzak eratzeko muga ezarria zuen hark. Aldiz, CDUko Turingiako buruak, Mike Mohringek, balekotzat jo zuen bozketa, argudiatuz ez zela haien erantzukizuna eskuin muturrak zer bozkatzen zuen. Gainera, zehaztu zuen bi bozketata­n abstenitu eta hirugarrenean egin zutela zentro-eskuineko hautagaiaren alde.

Gertatutakoaren ostean, CDUren zuzendaritzak ezohiko bilera egingo du gaur Berlinen. Alderdiko presidente Annegret Kramp-Karrenbauer Turingiara joatekoa zen Mohringekin biltzera.

Bestalde, Turingiako lehen ministro Thomas Kemmerichek dimisioa emango zuela iragarri zuen atzo, hainbat hedabide eta alderdik eskuin muturrarekin akordioa egin izana egotzi eta gero. Hasieran karguari eutsiko ziola zirudien, baina kasu honetan ere FDP alderdiak bultzatu zuen urratsa egitera. Bitartean, alderdi liberalak aurreratu du Turingiako Parlamentua desegiteko eskatuko duela, hauteskundeak berriz egin daitezen.

Turingian eskuin muturrak babes zabala duen arren, askok naziekin alderatzen dute alderdia. Alemanian, gainera, alderdiek orokorrean saihestu egiten dute AfDren babesa.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.