Celestino Cordova maputxeak gose greba utzi du, 106 egunen ondoren

Maiatzaren 4an hasi zen gose greban, eta Txileko Gobernuarekin akordio batera iristean amaitu du bere protesta. 

Celestino Cordova, 106 egunez gose greban egon den buruzagi espiritual maputxea.
Oihane Puertas ONA
2020ko abuztuaren 19a
15:48
Entzun

Buruzagi espiritual maputxea da Celestino Cordova, eta gose greban egon da 106 egunez. Maiatzaren 4an ekin zion grebari, Temucoko kartzelan zegoela, eta Txileko Gobernuarekin akordio bat lortu duelako utzi du protesta. Horren arabera, Temucoko eta Angoleko espetxeetan modulu bereziak eraikiko dituzte maputxeek beren erritualak egin ahal izateko.

Cordovak gose greba hasi zuenean eskaera zehatzak egin zituen; bereziki, OIT Lanaren Nazioarteko Erakundearen herri indigenen inguruko hitzarmena betetzea. Hitzarmen horretan azaltzen denez, espetxe zigorra bere komunitateko lurretan betetzeko eskubidea du presoak. Horrez gain, preso politiko guztien zigorra betetzeko neurriak aldatzeko eskatu zuen, maputxeak izan ala ez; baita kautelazko neurriak aldatzeko ere —inputatutako preso politiko maputxe guztiei eta eztanda soziala dela-eta inputatutakoei—. Egarri greba ere hasi zuen buruzagi espiritualak; baina, komunitate maputxeko hainbat kiderekin hitz egin ostean, hura gelditzeko konbentzitu zuten.

Astelehenean hasi ziren Cordovaren, Hernan Larrain Txileko Justizia ministroaren eta Sebastian Valenzuela Justizia idazkariordearen arteko akordioak zehazten. Larrainek eta Valenzuelak buruzagi espiritual maputxearen proposamena aztertu eta onartu zuten. Horren arabera, ia 30 orduz joan daiteke bere rewe-ra —maputxeen monolito mistikoa—; Nueva Imperial ospitalean egongo da indarberritzen den bitartean; Jendarmeriako Azterketa eta Lan Zentro batera eramango dute; Angol eta Temucoko kartzeletako maputxeentzako modulu bereziak eraikiko dituzte; defentsa erakundeak audientzia bat kudeatuko du Cordovaren kautelazko neurriak berrikusteko; Temucoko grebalariak barne zigorrik gabe utziko dituzte; justiziarekiko kulturarteko elkarrizketek jarraituko dute; eta preso dauden maputxe arruntak hezkuntzako eta Jendarmeriako lan programetan sartuko dituzte.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.