Migrazioa

Ceutarako pasabidea itxi dute Marokoko segurtasun indarrek

Espainiak kanporatu ditu dagoeneko 4.800 migratzaile; haien artean adingabeak ere bazirela salatu dute gobernuz kanpoko erakundeek.

Migratzaileak Fnideqen (Maroko) Ceutara igaro ahal izateko aukeraren zain. MOHAMED SIALI, EFE
arantxa elizegi egilegor
2021eko maiatzaren 19a
11:42
Entzun

Marokok indar erakustaldia egin zuen atzo, argi utziz zer gerta litekeen beren nahiak bete ezean. 24 ordu eskasean 8.000 lagun inguruk igaro zuten Fenideq (Maroko) eta Espainiaren kolonia den Ceutaren arteko hesia. Rabatek ez zuen segurtasuna arindu izanaren azalpenik eman. Baina Giza Eskubideetarako ministro Mustafa Ramidek adierazi zuen Madrilek jakin bazekiela zer gerta zitekeen, Fronte Polisarioko idazkari nagusi Brahim Ghaliri osasun arreta ematea erabaki zuenean.

Rabaten jarrerak krisi politikoa eragin du Espainian, eta haren oihartzuna Bruselaraino heldu da. Europako Batzordeko buru Margaritis Schinasek ohartarazi dio Rabati Europak ez duela «inoren xantaiarik» onartuko: «Europako Batasuna oso indartsua da Marokoren amarruetan erortzeko. Ez da onargarria migratzaileak tresna gisa erabiltzea». Schinasek baino lehenago eta haren antzera hitz egin zuen EB Europako Batasuneko Barne komisario Ylva Johanssonek ere.

Azkenean, Marokok gaur goizean itxi du Tarajaleko pasabidea, beste behin inolako adierazpen ofizialik egin gabe, eta Ceutara igarotzeko itxaropenarekin inguru horietan bildutakoak etxerantz abiatu dira. Aurreko orduetan, Espainiaren koloniara igarotako milaka lagunetatik 4.800 dagoeneko kanporatu ditu Madrilek. Gobernuz kanpoko erakundeek, ordea, salatu dute Marokora bidalitakoetatik asko adingabeak zirela —nagusiak ez bezala, bakarrik doazen adin txikikoak hartu egin behar dituzte jomuga herrialdeek—.

Gertatutakoa Europaren eta Espainiaren migrazio politikekin lotu dute hainbat erakundek, eta idatzi bat plazaratu dute horiek aldatzeko eskatuz. Gaitzetsi egin dute Ceutan gertatutakoa dela-eta Espainiako gobernuburu Pedro Sanchezek hartutako jarrera, eta mugara armada eta ibilgailu blindatuak bidaliz erantzun izana giza krisiari: «Alderdiek alde batera utzi beharko lituzkete alarma zabaltzen duten, migratzaileak kriminalizatzen dituzten eta istiluak bultzatzen dituzten diskurtsoak, horiek sustatzen baitute gorrotoa». Oharraren sinatzaileen artean daude Andalucia Acoge, SOS Arrazakeria federazioa eta Iheslariak Laguntzeko Espainiako Batzordea.

Adingabeak hartzeko akordioa

Espainiako Eskubide Sozialen ministro Ione Belarrak ezohiko bilerara deitu ditu erkidegoak, Ceutara heldutako migratzaile adingabeak hartzeko akordio bat ixteko asmoz. Izan ere, apirilaren amaieran egindako Lurralde Kontseiluan erkidegoek zera adostu zuten: diruz laguntzea bakarrik heltzen diren migratzaile adingabeak hartzen dituzten erkidegoei, eta, zehazki, mugan dauden erkidegoetara heltzen direnak hartzeko prest agertzen direnei.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.